Baina zer aldaketa etorriko dira hau guztia amaitzen denean, inoiz amaitzen bada? Hau da telebistako saio aspergarrietan gaur egun behin eta berriz entzuten dugun galdera. Bada, nire iritziz, ahal duena lehen zeraman bizitzara itzuliko da; lehengo zirkuluetara, ohituretara eta lagunengana bilduko da. Betiko ohituretara: lanera joango da egunero, seme-alabak ikastolara eramango ditu, baldin baditu, bere zaharrak zainduko ditu, eta horrela emango du denbora.
Ahal duenak esan dut, zeren eta asko ez dira aterako konfinamendutik sartu ziren egoera berean, irteera ez delako erraza izango poltsikoentzat. Pentsa urteko sasoi onenean, udaberriaren hasieran, Aste Santuan... derrigorrean oporrak hartu behar izan dituzten autonomoei zer datorkien, edota fabrika eta tailerrak ekoizpena motelduta etxean geratu beharko duten langileen etorkizun hurbila nolakoa izango den. Eta auskalo noiz arte; izan ere, ez dira asko izango hemendik irten eta, adibidez, autoa aldatzen edo oporretan nora joango diren pentsatzen hasiko direnak. Herritar askok nahiko lan izango du langabeziako 1.000 eurorekin hilabetea edo hilabeteak pasatzen. Uste dut bi digituko langabezia tasetara ohitu beharko dugula berriz, kontsumoan oinarritutako ekonomian eroslerik ez badago ekoizleak geratu beharra duelako, eta, adibide baterako, auto fabrika garrantzitsuenak geratuta pixkanaka hasi behar badute lehengo martxan, zer gertatuko da industria horiek elikatzen dituzten lantegi laguntzaileekin? Eta bateko nahiz besteko langileekin? Autogintza aipatu dut, baina hau beste edozein sektoreren patua izan daiteke.
Sikiera, badirudi gobernuek aurreko krisian ez bezala gastu publikoa handitzeko asmoa dutela, baina kontra, sarrera fiskalak 2020rako aurreikusten ziren errekorretatik urruti geratuko dira eta estatu bat baino gehiago ordainketa etetetik oso gertu ibiliko da.
Etorkizun ekonomikoa ilun kolorekoa da, 2008an hasi eta luze iraun zuen moduko krisi batean murgildu daiteke munduko ekonomia. Orduan, aditu batzuek esan zuten krisi hura desberdina zela sistemikoa zelako, ez aurrekoak bezala, eta oso noizean behin gertatzen zirela horrelako fenomenoak; 1929koa aipatzen zuten adibide gisa, baina kezkatzen hasita nago, pentsatuz ez ote diren krisi luze hauek klasikoen aldaera globalak, eta ez ote garen ohitu beharko hamabost urtetik hamabost urtera sistema ekonomiko kapitalistak horrelako krisi bat sortzera. Globalizazioak krisi globalak dakar. Uste duzue gertatzen ari den hau posible zela duela hogeita hamar urte? Ezetz esango nuke.
Direnak direla, gazte eta haurrek ondo gogoan izango dituzte bizi diren artean pandemia hau eta ondorengo krisia.