Azoreak, antizikloiaren uharteak

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi 2013ko abu. 23a, 19:17

Azoreak ezagunak ditugu gurean bi arrazoirengatik. Antizikloiak gugan duen eragin animokoagatik, dagoenean poztu egiten omen garelako eta ez dagoenean tristatu, eta Terceira irlan munduko hiru mandatarik (tartean arbaso nafarrak dituen orduan bibotedun txiki bat) Irakiarren aurka hitzartu zuten doilorkeria izen gabeagatik.

Bada bertan izan gara –Terceiran- aste betez abuztuan. Txarter hegaldi bat hartu eta Praia da Resistencian lur hartu ondoren Angra do Heroismon  (A zelako izenak!) eman ditugu zazpi egunak.

Azore irlak atlantiko erdian kokatuta daude, eta seguru asko ez Atlantida mitikotik oso urruti. Makaronesiaren zati  bat gaur egun, Portugaleko errepublikaren lurralde autonomoa  dira. Ez zen bertan inor bizi izan XV mendera arte.

Sumendiek jaurtitako labek eta mugimendu tektonikoek sortuak, faila garrantzitsuenek bat egiten dute bertan eta hortik ere maiz gertatzen diren lurrikarak. Azken garrantzitsua 1980an izan zen eta Angra do Heroismo erabat suntsituta utzi zuen. Egun Angra hiri berri bat da, baina lehengo estiloa eta eraikuntza moduak gordetzen jakin du. Toki guztietan egon behar du okerren bat eta han badiara ematen duen hotel zatar, moderno bat da.

Baleen arrantza edo ehiza izan zen urte askoan bertako ekonomiaren zutabe garrantzitsu bat 1986an debekatu zen arte. Egun bertako museoak eta arrantza txalupak baino ez dira geratzen iragan oparo horren lekuko.

Pico Irla eta errepublikako presidenteak

Aste erdian Pico irlara joatea erabaki genuen hiru ordu eginaz itsasontziz. Irla ezaguna da baleen arrantzak izan zuen garrantziagatik, Portugaleko mendi garaiena (Pico, 2351 metroko sumendia) bertan dagoelako, eta humusik edo lur emankorrik ez izan arren laba gogortuaren gainean harresiz inguratuta  ereiten dituzten mahastiengatik  eta ardo txukunak egiteko lortu duten gaitasunagatik.

Faial irlan, Picotik gertu, sortu zen Manuel de Arriaga Portugaleko lehen  presidente hautatua, Picora igo zen ondorengo presidenteen artean ohitura bihurtuko zenari hasiera emanaz. Harrezkero Portugaleko presidente batek baino gehiagok egin du mendi horretarako bidea.

Jordi Pujol dakarkit gogora, honek ere Kataluniako mendi mitiko batera igotzeko ohitura zeukalako.

Gureko lehendakariek ez dute ohitura hau bere egin Euskal Herria mendizaletasun handiko nazioa izan arren. Irudikatzen al duzue EAEko lehendakari hautatua Hiru Erregeren Mahaira igotzen? Ez legoke gaizki eta ikasturte politikoari hasiera osasuntsua emateko parada izan zitekeen. Iñigo Urkulluri luzatzen diot proposamena. Lehenengo izango litzateke eta agian ohitura berri  baten lehen urratsa bihur zitekeen. Gernikatik Hiru Erregeren mahaira.  Hor dago ideia.

Estropadak Azoreetan 

Euskal Herria ez da lana kirol bihurtzeko gaitasuna izan duen munduko leku bakarra. Azoreetan baleak harrapatzeko erabiltzen zituzten txalupekin estropadak egiten dituzte. Hemen letxe. Ezagutu dugunagatik kirol horrek ez du Azoreetan gurean hartu duen indarra eta sariak ere ez dira hain distiragarriak. Txalupen tamaina berriz oso antzerakoa baina arraunlari kopurua gureetan aritzen denaren erdia. Traineruan trainerillako eskifaia, agian kontrako bandatik egiten dutelako arraun. Istriborreko arraunlariak ababorretik egiten du eta alderantziz. Beraz, ezin bi arraunlari joan tosta  berean elkarri traba egin gabe.

Arrain ugari jatetxeetan

Ezin oporrak aipatu janari edo edari kontuez hitz egin gabe. Esan dugu ardo txukuna egiten dutela , ez merkea; janari dagokionez berriz, jatetxe ugari eta erdi behe mailakoak. Ez da gaizki jaten eta eguneko platera 5-5,5 eurotan irentsi daiteke taberna askotan. Hori bai, ordu erdi edo berrogei minutu itxaron ondoren  Platera ez da nolanahikoa. Arrain puska on bat izan dezake, lauzpabost patata egosi txiki, azenarioak, tomate gordina… Gosea kentzeko beste.

Menu bat jatekotan arraina da erregea nahiz eta behi asko izan irletan.

Tira bada! Uste baino gehiago idatz daiteke Azoreei buruz, bere sumendiez, haitzuloez igerileku naturalez eta beste hainbat gairi buruz, baina nonbaiten amaiera jarri beharra dagoenez hurrengo esaldiarekin amaitzen dut. Zalantzaren bat argitu nahi izanez gero ez izan galdetzeko kezkarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak