Zilarrezko ezteiak Goienan

Erabiltzailearen aurpegia Igor Arizmendiarrieta 2025ko mar. 24a, 00:00

Bailarako herri aldizkariek ireki zituzten bidezidorrak izan zituen abiapuntu 2000. urtean Goienak.

Hogeita bost urte beteko ditu aurki Goienak; zilarrezko ezteiak, ezkontzen hizkuntzan. Ez da zifra makala. Pentsatzen hasten zara eta… 25 urte informatzen, gure bailarako eta herriko berriak egunero zintzo eta hainbat euskarritan ematen. ETB1en entzun nion Goienako edukien arduradun Eneko Azkarateri informatzerakoan kontuz ibiltzen direla alderdi politikoekin eta eskolekin. Batez ere, eskolen matrikulazio-kanpainetan eta hauteskunde-sasoietan. Gai korapilatsuak.

Zeresana sortzen duen beste gai bat ere badugu aspaldian; bai onerako zein txarrerako: eguraldia. Orain, telebista kate bateko albistegi bati begira nago, eta notizia omen da hotz egiten duela gaur; bitxia albistea. Hor dago kazetaria, kaleko jendeari ea zer iruditzen zaion gaurko hotza –martxoaren 17a–. Neguan bagaude, zero gradu inguruan egotea normala izango da; ala ez? Ba, badirudi ezetz. Neguan hotz egiten duela albistegietan notizia izateari, ba, ez diot zentzurik aurkitzen. Eta udaran berdin; orain hotzetan dagoen kazetaria berrogei gradutan agertuko da, udaran bero egiten duela esanez. 

Beste hogeita bost urte barru, Goienak urrezko ezteiak ospatzen dituenean, adi egongo naiz ea zer dioen eguraldiko kazetariak telebistan. Seguru aski, orduan notizia izango da hileko lehendabiziko euri-tantak erori direla martxoan, eta, bitartean, lehorteak bere horretan jarraitzen duela esango digute. Orduan bai izango dugula eguraldia mintzagai, hezkuntza eta politika gaien gainetik. Eta Eneko Azkarate –erretiroa hartuko du lehenago, seguru aski– entzungo dugu ETB1en esaten gai korapilatsuenak eguraldiarekin zerikusia dutenak direla. Eta hori kezkagarria izango da; izan ere, gure planeta izorratu dugun seinale argia zango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak