Baina zergatik ez deitu eguraldi ona egun euritsu bati edo jarraian egon daitezkeen hainbat euri eguni? Hausnarketa hau egiten zuen Andonik. Eta ez zitzaion arrazoirik falta; lurrak eskertuko luke eguraldi on hau, nekazariek ere bai, animaliek ere bai... Altxor bat bezala ikusi beharko dugu hemendik aurrera ura izatea. Eta hemen ur arazoak baditugu, zer esan Nafarroatik behera. Klima aldatzen ari da. Ez dut gauza berririk deskubritu. Txarrena da lehorte eta berotze efektuak areagotuz doazen bitartean gure agintari eta politikariek neurri zehatz eta berehalakorik ez dutela hartzen.
ETBra bueltatuz, ETBk bere kanaletako Teletestu zaharkituari baino kasu gutxiago egiten diote klima- aldaketari gure agintariek. Eta hori kezkatzekoa da –klima- aldaketarena, ez Teletestuari kasu gutxiago egiten diola ETBk–. Lehengo egunean, ETBk Teletestuari amaiera- data jarriko diola entzun nuen, eta ez dakit, ba, gu ere ez ote gauden lurreko bizi iraupenari ere amaiera data jartzen, oharkabean. Erabakiak hartu behar dira eta ez dago itxaroterik. Berandu gabiltza. Ez nintzateke harrituko ikastetxeetan Hezkuntzako arduradunek besapetik ateratako Klima-aldaketa izeneko arlo bat ezarriko balute Matematikaren maila berean. Non irakasleek ikasleak klima-aldaketaren gainean hezi beharko lituzketen. Klima-aldaketaren inguruko ikas egoera eta arazo egoerak lantzen jardungo lukete ikasleek. Agintariek egiten ez dutena. Horrela bereganatuko dituzte ikasleek Hezkuntza Legeak aipatzen dituen eguneroko bizitzarako konpetentziak. Bitartean, gu, agintari inkonpetente hauen agindupean.