Gure inguruan eskolen digitalizazio planak barra-barra entzuten ari garen bitartean, harrituta utzi gaituen –edo ez hain harrituta– erabaki bat hartu dute Suedian. Hango eskuin-erdiguneko Gobernuak aldarrikatu du ikasleen errendimenduaren beherakada pantailengatik izan dela. Ostera ere, ikasgelak testu-liburuz hornitzera bueltatuko dira, diru kopuru handiak txertatuz. Pantailak alboratu eta garai bateko liburuetara bueltatzeko hautua egin dute. Emaitza kaxkarren arrazoia, pantailak omen. Eta, agian, arrazoi dute. Atzean geratu dira gure garaiko liburuak kolorez azpimarratzea, idazlanak paperean txukun eta aurretik pentsatutako ordenan egitea, eskemak liburua jarraituta egitea eta abar. Ezin uka gailu elektronikoak distraziorako tresna egokiak direla. Eta ez eskoletan bakarrik: gure lantokietan ere eguneroko lanari ihes egiteko erabiltzen dira. Ez da erraza oreka.
Ildo beretik, gaur, eta Europa aldetik hori ere, Herbehereetako ikastetxeetara eskuko telefonoak, tabletak eta erloju inteligenteak eramateko debekua ezarriko dute 2024tik aurrera. Arrazoia, berbera: distraitu eta ikasleen etekina murrizten dute. Irlandako herri batean ere, erabaki historikoa: 12 urtez azpiko umeei eskuko telefonoaren erabilera debekatu diete, gurasoekin adostasunean. Egun, Erkidegoko ikastetxeetan eskola bakoitzak aukeratzen du gailu elektronikoen erabilera. Ikastetxe batetik bestera ezberdintasun handiak daude.
Gurean, behintzat, eta, momentuz, ez da horrelakorik entzuten. Baina ez nintzateke harrituko Espainiako Parlamenturako hauteskundeetan urdinek eta berdeek irabazi eta Suediako eskuin Gobernuaren bide bera jarraituko balute. Hori bai, Parlamentuko eserlekuetan beraien eskuko telefonoekin distraituta dauden bitartean.