Informazio hau guztiau bezero guztiondako baliagarria izango balitz bezala helarazten digute. Eta horrek ez dit graziarik egiten. Denok ez dugu merkatu arautuko tarifarik, eta ez diegu zertan aholku horiei kasurik egin. Aholku horiek tarifa horren jabe diren bezeroendako baino ez dute balio.
Inkestek diote hamar familiatik seik ez dakitela zer alde dituen merkatu arautuak merkatu librearekiko. Gogora dezagun gaur egun argi elektrikoa kontratatzeko bi aukera ditugula: alde batetik, merkatu librea deritzona, non enpresek erabakitzen dituzten bezeroei argiagatik kobratzen dizkieten prezioak. Betidanik izan dugun tarifa, esango nuke, tarifa finkoak. Eta, bestalde, merkatu arautuko tarifak, non Gobernuak araututako tarifarekin jaso dezaketen argindar-hornidura familiek –egunero aldatzen da, orduka, argiaren prezioa–. Neurri batean, gizartearen –batez ere, adineko jendearen– ezjakintasunaz baliatzen dira haien intereserako. Honek dakar, adibidez, ikustea merkatu libreko tarifa duen jendea burua hausten telebistak esan duelako garbigailua zein ordutan jarri behar den, inongo beharrik ez dutenean.
Ez ahaztu, ordea, aurrezteko era bat dela tarifa berriak ongi aztertu, hausnartu eta gure beharretara ondoen egokituko dena aukeratzea. Edo, bestela, argiaren erabilpen arduratsua egin; modu horretan, poltsikoari mesede galanta egiteaz gain, maiz ahazten dugun ingurugiroari ere mesede galanta egingo diogu, bide batez.