Baina hor dabiltza tirabiraka hainbat herrialdetako gobernuburuak eta estatuburuak, bakoitza bereari tiraka. Badirudi gehien kutsatzen duten herrialdeak interes gutxi eta zailtasunak jartzen ari direla bete beharreko epeei dagokienez. Bitartean, sukarra goraka.
Hori horrela, besteek egiten dutenari erreparatu beharrean, zergatik ez nor bere etxetik hasi? Glasgowko astoen zain bagaude gurdia mugitu dadin, jai dugu. Guk geuk hasi beharko dugu apurka tiraka, lehenagotik hasiak baginen ere: zergatik ez dugu berogailuaren termostatoa 0,5 gradu jaisten? Zergatik ez goaz 0,5 kilometro bizikletan autoa utzita? Zergatik ez dugu garraio publikoa 0,5 ordu erabiltzen? Zergatik hainbeste argi zein gailu piztuta 0,5 ordutan zehar? Keinu txiki asko, baina esanguratsuak izan daitezke etorkizunean. Uste dut kontzientziazioan dagoela gakoa, eta lan handia dugu egiteko. Denok behar ditugu erosotasunak, eta, askotan, uko egitea kostatu egiten zaigu. Hau denon lana da, eta ondorengo belaunaldiengan eragin beharra dago. Bitartean, gizartearen zati bat Martera begira, bizia ba ote dagoen ikertzen. Ederto!