Baditugu, baita ere, eta txarrerako, mutazioak banketxeetan eta osasun zentroetan. Hainbat herritan sukurtsalak itxi eta bezeroak hainbat zerbitzu gabe utziz. Osasun arloan antzera, ezin gera kexatu daukagun osasun zerbitzuekin, baina lehen mailako arretan gabeziak nabari dira. Eta gaixoak, lehen bezala, orain ere egon badaude.
Dena den, ez dira hauek gehien kezkatzen nauten mutazioak. Gure koronabirus maiteak izan ditzakeen mutazio genetikoetan jarriko dut begia. Zeresana eman dezakete aurrerantzean. Denok dakigu birusetan mutazioak izatea ez dela harritzekoa. Birus guztiek mutatzen dute. Beraien kalterako mutatuko balute, primeran. Desagertu egingo lirateke. Baina beraien onerako mutatuz gero, birusaren hedapena handitu egiten da, gure kalterako. Azken hau da gertatzen ari dena. Honen ondorioz, txertoaren eraginkortasuna murriztu egin daiteke, eta honek arazo potoloa dakar berarekin. Txerto fabrikatzaileak beraien txertoak eraginkorrak izango direlakoan daude, baina hasi dira onartzen txertoetan eguneratzeak gertatu beharko direla. Ez dut ezkorra izan nahi, baina borroka honek luzerako joko duelakoan nago.