Anormaltasun berrian

Erabiltzailearen aurpegia Igor Arizmendiarrieta 2020ko eka. 26a, 00:00

Uste baino laburragoa egin zait konfinamenduko epea. Luzeagoa egingo zitzaidalakoan nengoen, baina beti nuen zerbait egiteko eta horrek eramangarriagoa egin zidan egunerokoa.

Batzuetan, egunak motz eta guzti egiten zitzaizkidan, orduak faltako balira bezala. Etxetik lan egiteak ere erru pixka bat izango zuen. Eta ez, ez diot telelana deituko. Izan ere, niretzako telelana lana beti etxetik egiten duen batentzako gordetako hitza da. Nik denboraldi batez etxetik egin dut lan eta kitto.

Epealdi hau amaituta, normaltasun berrian sartu berri gara. Aurreko asteburuan inguruko herri batzuetan normaltasun berria zein den ikusteko aukera izan nuen. Egian esan, normaltasun baino gehiago, anormaltasun berria deituko nioke.

Jende pilaketak ikusi nituen, jendea babes gabe elkarrengandik gertu, ozen eta gertu hitz egiten. Tarte batzuetan musukoa eramateagatik ni sentitzen nintzen arraro, alderantzizkoa izan beharrean.

Azkar ahazten zaigu gizakioi dena, bai bizitakoa, bai pasatakoa. Memoria laburra dugu.

Agian, hasierako joera izango da, sartuko gara protokoloetan, baina zalantzak ditut.

Aski izan daiteke txinparta bat, baso oso bat erretzeko, eta aski da pertsona kutsatu bat birusa azkar batean hedatzeko.

Ez da erraza, aitortzen dut, baina gehiago egin dezakegula uste dut.

Ez nuke berriz etxean sartzera behartuko nindukeen dekreturik irakurri nahi. Horrela izan behar bada, bada, horrela izango da. Gauzak gaizki egin ditugun seinale. Ikasteko dugun bide bakarra, agian.

Bitartean, uztailaren 12an hauteskundeak; parte hartzea jaitsi egingo omen da.

Axolagabetasun honekin jarraitzen badugu, ez dugu hauteskunderik, ez ezer izango. Eta egiten badira, lehengo lepotik burua: hamar gauza zin egin eta bat beteko digute.

Politikariek ere memoria eskasa izaten dute, gizarteak birusaren aurrean duen jarrera bezalaxe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak