Pertsona batek jarduera bat hasi zuenaren berri eman nahi zidan. Ez zuen hitz bat gehiago ez gutxiago idatzi. Ez agurrik, ez ezer ez. Formen atal hori alde batera utzita, kezkatzekoena hortografia (nahita dago ipinita) zen. Hura ikusita, ez nekien zer egin, negar, berari esan egin zituen akatsak, haserretu… Bueno, ba, esan nuen, hemen, GOIENAn, konpartituko dut nire inpotentzia, haserrea edo dena delakoa, ni neu lasaitzeko, behintzat. Eta berak irakurtzen badu, ba, primeran. Hiru hitz, hiru akats, hau marka. Ez dira hitz arrotzak, gainera; eguneroko hitzak ditugu.
Mugikorretan erabiltzen den lengoaiarena, telebistarena, gurasoena, gizartearena, eskolaren eragina ote? Auskalo. Baina susmoa daukat nirea ez dela kasu isolatu bat izango.
Dena dela ere, euskararen erabilera beheraka doa; hori diote Hezkuntza Saileko arduradunek emandako azken ikerketen emaitzek. Ezagutzak goraka egin duen arren, erabilpenak ez du ibilbide bera egin. Nire inguruan eta, zer esanik ez, herri eta hiri handiagoetan ikusten da: gazteen artean asko entzuten eta idazten da gazteleraz –teknologia berrietan–. Ez dut esaten gaztelera ikasi behar ez denik, baina dena neurrian.
Bestalde, Tarragona aldean oporretan egoteko aukera izan dut eta hotelean euskara barra-barra entzuten zen. Badirudi gure ingurunetik ateratzen garenean, bat-batean sartzen zaigula euskalduntasuna adierazteko sen hori.
Asteburu honetan ere, iparraldeko kanpin batean egoteko aukera izan dut eta ontziak garbitzerakoan zein beste instalazioetan jendearekin gurutzatzean agur eta elkarrizketa ia guztiak euskaraz egiten genituen. Euskaraz erdipurdi zekitenak ere gurekin euskaraz egiten saiatzen ziren.
Argi dago: berdin da norekin edo non, baina egin ezazu.