Jendearen arazo errealak –pentsioak, enplegua, emakumeen eta gazteen egoera– agenda politikoaren erdigunean izatea lortu dugu. Gobernuaren lehen erantzuna izan zen ez zeukala ez dirurik ez eskumen politikorik guk proposatutakoak aurrera ateratzeko; denborak aurrera egin ahala, ordea, agerian geratu da gure proposamena errealista eta egingarria zela, borondate politikoa izanez gero. Tamalez, hori da Gobernuari falta izan zaiona.
Gure proposamenak hiru oinarri sendo zituen:
1.- Jaurlaritzak dituen eskumenak baliatuta, pentsio baxuenak 858 euro bermatzeraino osatzea, horixe baita 2008ko legea murrizketarik gabe aplikatzetik eratorriko litzatekeen kopurua. Aurrekontuen %0,16 baino ez zuen behar horretarako.
2.- Pentsioen osagarria jasotzeko eskubidea zabaltzen hasteko konpromisoa. Egun 190.000 pentsio inguru gutxieneko soldataren azpitik daude, baina osagarria 15.000 pentsiodunek bakarrik kobratzen dute. Bistakoa da hor badagoela zer egin.
3.- Kalitatezko enpleguaren alde, 1.200 euroko gutxieneko soldatak bermatzea kontratazio eta lizitazio publikoetan, Jaurlaritzak ezin duelako prekarietatea elikatu bere esku dauden kontratazioetan.
Zoritxarrez, Urkulluk horri guztiari esan dio ezetz. Bere esku izan du eskubide sozialak zabaltzea, baina aurrekontuak luzatzea nahiago izan du.
Tristea.
Ulertezina.
----------
Maider Otamendi eta Ion Albizu
Eskoriatza eta Aretxabaleta