Kontratazioan ustezko iruzurra

Erabiltzailearen aurpegia Ion Albizu 2018ko api. 14a, 00:00

Udalak, zerbitzu bat eskaini nahi duenean, lizitazio prozesu bat zabaltzen du. Prozesua hasteko, teknikariek pleguak idazten dituzte eta aspektu teknikoak eta administratiboak jasotzen dira bertan. Orain arte, puntuatzeko balio duen alderdi inportanteena eskaintza ekonomikoa izan da.

Baina zer pasatzen da kiroldegiko garbitasuna moduko zerbitzu batean? Horrelako zerbitzuetan kostuaren zati handiena eskulana da. Bertan dauden langileak dagokien konbenio pean daude eta soldaten kostua jakina eta oso finkoa da; berez, teorian, murriztu ezina.

2016. urte bukaeran udalak 132.582 eurotan esleitu zuen zerbitzu hori eta hiru hilabeteren ostean 114.683 eurotan adjudikatu (-%13.5). Baina, zenbat kostatzen da zerbitzu hori ematea? Kalkulu batzuk egin ditugu:

Pertsonen kostua: 5.840 ordu eskaini behar dira urtean garbitasun zerbitzuan. Horrek 100.000 euro inguruko kostua du.

Horri BEZa gehitu behar zaio: 21.000 euro.

Oso agerian geratzen da udalak adjudikatu duen prezioa langileekin eta BEZarekin bakarrik gainditzen dela. Hortik aparte geratuko lirateke: langileen absentismoa –bajak–, enpresaren administrazio gastuak, arduradunaren kostuak, garbitasun produktuak, garbitzeko tresnak –makinak, karroak…–, eta abar.

Eta noski, enpresaren mozkina.

Orduan, zer pasatzen ari da zerbitzu horrekin? Bertan dagoen enpresa ustezko iruzurra egiten ari dela eta langile gutxiago dituela kiroldegia garbitzeko: eta kiroldegia oso zikina egotea ondorio logikoa besterik ez da –udal teknikarien txostena dago–. Erabiltzaileen kexa ugari daude eta azken gogobetetasun inkestan txarren baloratzen dena horixe da, garbitasuna.

Pertsonal kostuetatik dabil enpresa mozkina ateratzen.

Eta udalak ez du honen gaineko ardurarik? Ba bai; osoa, nire ustez. Udalak ezin du bakarrik eskaintza merkeenari kudeaketa eman, beste irizpide batzuk erabili behar dira horrelakorik gertatu ez dadin. Azken finean, udalak bermatu behar du zerbitzu ona ematen dela eta bertan dauden pertsonen eskubideak errespetatzen direla.

Horretarako aukerak egon badaude, gero eta gehiago, gainera; borondatea balego...

----------

Ion Albizu Gonzalez

Aretxabaletako EH Bilduko zinegotzia

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak