Nerabezaroa, bihurgune arriskutsua

Erabiltzailearen aurpegia Ion Albizu 2017ko abe. 15a, 08:36

Maiz entzuten dugu gazte batzuek zerbait apurtu, margotu, erre egin dutela. Beste askotan, gazte-droga hitzak bat eginda agertzen zaizkigu. Ariketa bat planteatzen dizuet: borratu porroa, farola, oihuak… iruditik eta begiratu diezaiogun atzean dagoen pertsonari.

Garai erabakigarria da nerabezaroa. Nortasunaren eraikuntza, adin-berekoekin, helduekin eta ingurumenarekin harremanak garatzen baitira. Hain da erabakigarria, arriskutsua da! Hain da intentsua, polita da!

Azken urteetan gauzak asko aldatu dira gure gizarte postmodernoan: ikaragarrizko aldaketak gure bizitzetan eta baita gure gazteenetakoetan ere, noski.

Nerabezaroa lehenago hasi eta beranduago bukatzen da; bukatzen bada. Gurasook gero eta gutxiago egoten gara haiek atenditzeko. Mundu likido honetan dena azkar eta orain dugu eskuragarri. Moden joan-etorrian gazteak kontsumo helburu bihurtu dituzte. Eskuko telefonoak pseudo-gertutasun batean mantentzen gaitu. Denak alde argi eta ilun guztiekin.

Baina, galerna honetan, zer pasatzen zaie gure gazteei?

Egoera honek autonomia ematen die: pseudoindependentzia, agian. Itxura bai, baina sakonean ekonomikoki eta emozionalki helduen dependentzia dute, ikaragarria. Horregatik, etengabe ari dira gure atentzioa bilatzen eta gero eta gehiago topatu ezin. Baina behar gaituzte; borrokatzeko bada ere. Behar gaituzte guk haiek ikusteko, limiteak jartzeko eta munduratze prozesuan laguntzeko; mundu gogor honetara ateratzeko gure laguntza behar dute, bai.

Baina eskaera ez da egokiena izaten, amorruz eta biolentziaz egiten baitute maiz. Eta zergatik, hainbeste behar bagaituzte! Haien nortasuna garatzeko gugandik desberdindu behar direlako. Joko zoroa, e!

Familiak, eskolak, instituzioek eta orokorrean gizarte osoak erronka handia dugu. Ea lortzen dugun gure gazteak zaintzea –egoten, limiteak jartzen, laguntzen eta maitatzen–. Nor bere barruari begira jarri eta bere barruko –oraingo edo lehenagoko– nerabearekin adiskidetzea izan daiteke hasiera polita, ezta?

----------

Ion Albizu Gonzalez

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak