1-Indefensión aprendida delakoa. Horrek esan nahi du pairatzen duen pertsonak ez duela ezer egiten sufrimendua ekiditeko, aukerak izanda ere; jasotako sufrimenduak etsipenera eramaten du, bizitza horrela dela onartzera eta etorkizun barik bizi irautera.
2-Erresilientzia. Hau justu kontrakoa da. Jasotako sufrimenduetatik onik atera eta harago, pertsona moduan osatuagoa-indartsuagoa-hobeto atera.
Lehenengoan, pertsonak bere ilusioa, erabakiak, etorkizuna… besteengan uzten ditu, era pasiboan. Bigarrenean, aldiz, norberak hartzen du bere bizitza sorbalda gainean.
Lehenengo zein bigarren kontzeptuetan kokatu daitezkeen gizarteak egon badaude.
Ikusi duguna ikusita, Espainiako gizartea indefensión aprendida delakoan kokatuta dagoela esango nuke; ez du bere etorkizuna bere gain hartu. Herritarrek barneratu dute aldaketa ez dela posible, eta pentsamendua errealitate bihurtu da.
Guk –euskal gizartea– non kokatuko genuke gure burua?
Egoera ikusita, aurrerapen barik dagoela esango nuke, txarrerantz doan zantzu batzuekin. Gizarte moduan datu bakar bat: EAEko PIBak gora egin duen arren, familien sarrerak jaitsi egin dira. Herri moduan, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidea argitu barik.
Betikoek ez gaituzte egoera honetatik aterako. Orduan, zer egingo dugu? Ilusioa jan digutenei boterea ematen jarraitu? Edo herria motxilan sartu eta aurrera egin?
Espainian ez, baina geurean badaude aldaketarako aukerak; hortaz, zeini dagokio horren lidergoa?
Eta zertarako izan behar du?
Arnaldo Otegiren taldearen proposamenak herriarengan jartzen du horren ardura eta boterea. Denon artean, denon herria eraikitzeko gonbita!
Animo!
----------
Ion Albizu Gonzalez
Aretxabaleta