COVID-19a eta euskal presoen bizi baldintzak espetxean

Orain, eguneroko bizitza eta mugikortasuna mugatu dizkigutenean, susma dezakegu zer den giltzapean egotea, online ikastea, ordu luzez aspertzea, telebistan beti gauza bera ikustea... Bada, saia gaitezen pentsatzen zer ekar lezakeen guretzat 10, 20, 30 edo 40 urte iraungo lukeen koronabirus batek.

Kale eta etxeetan salbuespenezko egoera batean biziz, gogoan izan behar dugu Frantziako eta Espainiako espetxeetan gutxienez 237 euskal herritarrek pairatzen duten beldurra, babes falta eta zorigaitza. Espetxeetan, euskal preso politikoek jasaten duten salbuespen berezituari gehitu behar baitzaio salbuespenezko egoera orokorra.

Behin eta berriz salatu arren aldian aldiko gobernuek desaktibatu ez duten espetxeen salbuespena da. Zigorrak osorik betetzea eskatu, gaixoak eta adinekoak kartzelatik ateratzea ukatu, baldintzapeko baimenak edo askatasunak ukatu dituztenek... Halabeharrez, gaur presoez gogoratu badira, agian uler dezakete isolamenduaren larritasuna, erregimen itxiaren gogortasuna, gurasoen osasuna edo adinagatik haiek ikusi gabe urteak igarotzea, milaka kilometroz banandutako gurasoen oinazea...

Gurea ohiz kanpokoa bada, imajinaezina da espetxean dagoen egoera. NBEk berak agertu du kezka, eta adineko, gaixo eta kondena txikiak dituzten presoak kaleratzeko neurriak hartzea eskatu die gobernuei. Zentzu berean mintzatu zen Europako Kontseiluko TPK ere, epaien kommutazioa, askatasun aurreratuak eta baldintzapeko askatasunak gomendatuz. Epaitu gabeak, haurdun daudenak eta pertsona kalteberenak ere askatzea eskatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). OMEren arabera, pertsona kalteberak dira 60 urtetik gorakoak eta diabetesa edo kardiopatiak bezalako gaixotasunak aurretik dituztenak.

Aurretiazko gaixotasunei dagokienez, 67 presok hainbat fasetan dute gaixotasuna, baina 19k gaixotasun larri edo sendaezina dute, eta osasun krisi honen aurretik askatu edo espetxealdia arindu behar zitzaien. Horietako hiruk arazo psikologiko oso larriak dituzte, gainera. Minbiziak, kardiopatia larriak, gaixotasun psikiko larriak edo endekapenezkoak fase aurreratuan jasaten dituzten gaixo sendaezin edo kronikoak dira kasu larriak. Gehitu ditzagun, OMEk iradokitzen duen bezala, diabetes larriak, eta hauek dira espetxetik atera beharrekoak: Kepa Arronategi, Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Mikel Otegi, Joseba Borde, Lierni Armendariz, Ibon Fernandez Iradi, Gurutz Maiza... 19 osatu arte, izena publiko ez den lau barne.

Adinari dagokionez, 40 presok 60 urtetik gora dituzte, eta Sebas Etxanizen eta Joseba Arregiren egoera bereziki kezkagarria da, 76 eta 73 urte baitituzte. Legearen arabera kalean egon litezke, adinagatik eta betea duten zigorragatik. 60 urtetik gorakoek, gainera, askotan dituzte pluripatologia ez larriak, kaltebera bihurtzen dituztenak.

Espetxean igarotako denborari dagokionez, 55 presok 20 urte baino gehiago daramate —Europako estandarretatik gora— salbuespenezko egoeran giltzapetuta. Frantziako estatuan Jakes Esnal, Xistor Aranburu eta Ion Kepa Parot, eta Espainiakoan Unai Parot eta Antton Troitiño dira 30 urte baino gehiago preso daramatzatenak. Bestalde, Olatz Lasagabaster euskal presoa haurdun dago, eta zigor bukaera laster du.

Krisiaren hasierak ez zuen erreakzio positiborik —aurrerakoi, eskuzabal— eragin eremu administratibo eta judizialean. Aitzitik, baimenekin ateratzen ari zirenak haiek gabe geratu ziren, eta urrats guztiak gelditu egin ziren Tratamendu Batzordeak bildu ez direlako eta ZEZa geldirik dagoelako.

Egoera tamalgarria zen lehendik, graduen politika oztopatzaileagatik eta hurbilketak eragozten dituen espetxe politikagatik, edo hiru laurdenak beteak dituzten edo aurten beteko dituzten 73 presori baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera galarazten zielako.

Hartutako neurri murriztaileak eta profilaktikoak –bisitak, desinfekzioa, maskarak, jantokiak saihestea...– nekez kritikatu daitezke osasunaren ikuspegitik, baina salbuespen egoera ezin da kudeatu soilik espetxeratuen eskubideei kalte eginez. Beharrezkoak dira etorkizunera begira neurri konpontzaileak eta kartzelak hustera bideratuak.

Alarma dekretu batek gure etxeetan konfinatu bagaitu, eta beste dekretu batek funtsezkoa ez den jarduera ekonomiko guztiak bertan behera uztea agindu bazuen, posible dira presoen onurarako dekretuak ere, euskal presoak barne. Posible dira honako hauek jasotzen dituzten dekretuak:

- Konfinamendu zorrotz eta muturrekoan igarotako egun bakoitzagatik zigorra murriztea.

- Presoak berehala birsailkatzea.

- Bizilekutik gertu dauden espetxeetara hurbiltzea, horretarako garraio publikoaren antzeko neurriak hartuz.

- Baimenen dinamika jarraitzea; hobe baita espetxeetatik ateratzea, eta, kontrol neurriak hartuz –telematika, telefonoa–, itzultzea galaraztea.

- Lehenbailehen kaleratzea kalteberenak, eta, legearen irakurketa humanitarioa eginez, askatasun eskubidea luketenak, hala nola gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten espetxeratuak, pluripatologia koadroak dituzten gaixo kronikoak, 70 urtetik gorako presoak, zigorraren zati handi bat betea duten 60 urtetik gorakoak, zigorraren azken txanpan daudenak edo zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak.

Horiek guztiak hirugarren graduan sailkatu eta lehentasunez kaleratu daitezke. Osasun alarma batek ez du inolaz ere ekarri behar kondena larriagotzea, eta are gutxiago presoei eskatzea uko egin diezaiotela espetxe onura eta bilakaerari, hurbilketari, irteera baimenei edo askatasunari. Premiazkoa da legearen irakurketa gizatiar eta justiziazko bat dekretatzea.

----------

Iñigo Akaiturri Irazabal

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak