Matriuska edo Mamoshka. Izenaren erroa ama-tik dator, ardatz femeninoari erreferentzia egiten zaiolarik. Pieza guztiak enbor beretik egiten dira, tenperatura aldaketen ondorioz egurraren kontrakzioa berdina izan dadin, batera uzkurtu eta batera zabaltzeko. Bat aldatzen bada, bestea ere aldatzen da. Leinu beraren parte dira, kontakizun edo hari berdina lotzen dituen zilborreste baten gisan. Alejandro Jodorowskyri irakurri nion behin indibidualtasuna ilusio bat besterik ez dela, pertsona bakoitzaren baitan, panpina errusiar batean bezala, izaki mordoa dagoela.
Zenbat emakume daude gure baitan gordeta, beraz? Horixe galdetzen diet azkenaldian emakumeen historiaz berba egitera animatzen diren bidelagunei. Eta kuriosoa da, gure erreferenteak izen-abizen ezagunak izan barik, lantegietan, etxeko sukaldeetan, kontakizunetan, osatze eta zaintzetan, minetan eta alaitasunetan… gorpuzten direlako. Batzuk moldeetan sartu behar izandako emakumeak dira; moldekatxak edo molde gaitzak besteak, garaiak ezarritako moldeetan sartu ezinak.
Ederrena da gure baitako erreferente ia guztiek bietatik dutela, moldetik eta moldekatxetik. Horixe garela, hain justu. Eta eskerrak. Berri Txarrak-en kantuak dioen bezala, nola esan, koherenteak baikara gure kontraesanekin. Horixe baita matriuskaren paradoxa handiena, bihozkadek bezala, bata bestearen baitako kontraesanek egiten eta mugitzen gaituztela.