Poloniaren inbasioa

Urteroko matraka izan ohi da, udan, gertakari esanguratsuen faltan, ez diren lekuetatik ere berriak asmatzen dituztela komunikabideek.

Abuztua bero joan den arren, asmakizunen jokoa ez da makala izan aurten ere.

Egun batetik bestera hasi ginen turismofobiaz berbetan. Bere horretan zentzugabeko hitza, turismo eredu konkretu baten biktima direnak kriminalizatzeko prestatu, orkestratu eta zuzendutakoa. 

Baina lortu dute denok zulatutako gurpilez eta pintadez berba egiten jartzea, espazio publikoaren pribatizazioaz, kate handien lobbyen interesez edo hiri ereduaren ingurukoez beharrean.

AEBetako Charlottesvilleko irudiak ere ikusi ditugu. Amerika berriz handi egin nahi duten horiek, bandera konfederatu eta naziekin, arma eta zuziekin, aspaldi ikusi dugun gorroto agerraldi pelikuleroenean. Azal zuriak eta denak ez esatearren gehienak, gizonak, euren diskriminazioaz kexu. Ederra paradoxa! Eta hango presidentea ikusi-makusika hasi zaigu, supremazisten alt-right-aren parean alt-left terminoa asmatu eta bi mugimenduak parekatuz.

Bartzelonako atentatuen ostean, gertaera eta kausen inguruan baino gehiago, hizkuntzaren kalapitarekin lotutakoak izan dira titular. 

Txio batean irakurri bezala, katalanek, komunikatzeko beharrean, espainiarrak zirikatzeko bakarrik omen darabilte katalana. Nolakoak garen hizkuntza gutxituetako hiztunok, beti handiak diskriminatzen! Españolfobia, sare sozialetan irakurritako berba. 

Hitz hutsen bidez eztabaidak desbideratuz, borreroak biktima eta biktimak borrero gisa errepresentatzen dituzten mezuak errepikatuz, ikuspegi kritiko oro kriminalizatzea bilatzen duen hiztegia normalizatzen dugu. Esan feminazioi, bestela, andre-gizon denontzat eskubide berak aldarrikatzea eta mundu justuago baten alde aritzea, Polonia inbaditzearen parekoa ez dela azaldu behar izaten dugu eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak