Irakaslea etorri aurreko tartean, zapaltzaile edo abusoi bat edo bi gerturatu eta egunero ohi zuten bezala, indarrez emango zioten kaskatekoa. Bakean uzteko eskatuko zien, baina beste ikaskide batzuek barre egingo zuten, beste batzuek txalo. Ostikadaren ostean, ezetz esango zuen, nahikoa zela, eta norbaitek aho txikiaz esango zuen aski da bat. Baina bakar bat gutxiegi da hainbat gauzari aurre egiteko. Umiliazio horren aurrean ez-ikusiarena egingo genuen gehienok, kontuak gurekin zerikusirik izango ez balu bezala.
Bullying-aren gaia irteten den bakoitzean, atzera begira jarri eta neure burua ikusten dut antzerako eszena baten aurrean. Indarkeria maila handiko egoera baten aurrean isilik, ezer egin gabe edo zer egin asmatu barik. Bagenekien zein gogorra zen taldeak ez onartzea. Beldur horrekin hezi gaituzte. Eta hor sortzen dira gehiengo isilak, indarkeriaren eta berau darabiltenen konplize izan ohi diren gehiengo konplizeak.
Konplizitate arriskutsuek bizitzako esparru eta momentu askotan hartzen dute forma. Azken asteotan mugikor batetik bestera, kontaktu taldetik taldera, milaka pertsonak partekatu eta komentatu duten bideo famatuegi bat izan daiteke horren adibidea. Ezetz dio neskak bideoan, ez grabatzeko, eta beraz, publiko ez egiteko. Baina egunero Atxabalpera datozen bik grabatu egin dute. Eta lagunartean zabaldu. Bideoa ikusi dutenek ondo entzun ei dute ezezkoa; ezetz, ez grabatzeko. Eta bideoa neskarentzat umiliagarria izan daitekeela jakin arren, barrezka, txaloka edo isilik, beste kontaktu talde batera bidali dute. Eta horrela, milaka aldiz.
Horrela elikatzen ditugu gehiengo konplize horiek, besteen kontrako jazarpenari ez-ikusiarena eginez, gurekin zerikusirik ez balute bezala. Nago, tamalez, abusoiei irabazten utzi diegula oraingoan ere.