Bada bertan zer pentsatua eman didan berba eta kontzeptu bat: ipularra. Ipar Euskal Herrian laborantzarako sailaren ertzetan landu gabe geratzen den zatiari deritzo. Bertaratzeko, tresnak inguratzeko, hesiak jartzeko eta jorratzeko lursaila. Leku batzuetan soro-ertza; gure inguruan, mugia. Zenbait lekutan balio gutxi aitortzen zaionari ere ipularrekoa esaten ei zaio, bazterreko kontua, bigarren mailakoa.
Errekondok dio baratzea bera ere ertzetakoa dela, besteak beste, baina, nagusiki, emakumeen kontua izan delako. Baratzetik hARtzeko, EMatea ezinbestekoa delako, amandreak izan dira ortuko jakintza belaunaldiz belaunaldi transmititu dutenak.
Gure bizimodua eta mundu ikuskera arautzen duen sistema gupidagabe honetan, emakumeak ipularrekoak gara. Baina ez gara bakarrak. Herritarren gehiengoa gara mugakoak. Migratzaileak, haurrak, heteroarauarekin bat egiten ez dugunak, funtzionalitate anitzekoak, prekarioak, nagusiak, hizkuntza gutxituetan mintzo garenak.. Eta Euskal Herriaz ari bagara? Gure ustezko erdigune honetatik ez al ditugu mugako bezala ikusten askotan ipar euskal herritar, arabar edo nafarrak?
Aurreko asteko Zabalik-en Oihan Vitoriak zioen: "Hobe joango litzaiguke zapaltzaileen jokoari bizkar eman eta gure neurrira eraikiko bagenitu herri honetako zubiak. Haziak erein, landatu eta sustraietatik irteteko garaia da, arriskatzekoa". Bat egiten dut horrekin. Irauli arren, ordea, jorratu nahi dugun lursailak apenas du ongarririk, nekez erneko da ezer berririk bertatik. Lurra da baratze osasuntsu eta oparo baten oinarria. Zenbat eta biziago, orduan eta hobeto. Ipularretakoak erdigunera ekar ditzagun, nahas ditzagun, elkarlanean jarri. Bizi baratzea-n esaten den bezala, gaur egun, iraultzailea den gauza bakanetako bat baratzea da. Gure neurrirako baratzerik egin nahi dugun erabakitzea da orain kontua.