Zeren inguruan idatzi? Nondik hasi? Egunerokotasuneko hamaika erabaki txikietako bat besterik ez izan, eta hartzea kosta. Zer esan orduan mugarri izango direla uste dugun erabakiez?
Maiz, zer nahi dugun jakin ez, baina zer nahi ez dugun kontuan hartzetik hasten da ariketa. Abiapuntu horretatik, norabidearen koordenadak zehazten hasi gaitezke, jakinda ez garela zurien edo beltzen artean ari, tonu askotako gris eskalan baizik.
Baina nork zer du erabakitzen? Nori dagokio erabakiak hartzeko eskubidea? Hortxe dago gakoa, erabakitze eskubidea duten subjektuak identifikatu eta aitortzean. Herri bezala, emakume gisa, besteez arduratzen garen zaintzaile moduan edo hilko garen pertsona bezala, eskubideok aldarrikatzen ditugu. Baina eskubideak ez dira bandera edo aldarri bakarrik, eskubideak gauzatu eta erabili egin behar dira.
Eta zertarako? Ba erak edo moduak aldatzeko, aukera anitzak posible izatea ahalbidetu eta subjektu horien neurrirako mundutxoak eraikitzeko.
Nolako ereduak nahi ditugun pentsatu, sortu eta asmatzeko tenorean kokatu beharko genuke gure burua erabakitzeaz dihardugunean.
Erabakiak hartzeak nolako erak nahi ditugun zehazteko abiapuntu bat izan behar luke, edo mugarri bat, behinik behin, baina inoiz ez helmuga bat. Erosotasun gunetik jauzi egin eta ezagutzen ez dugun igerileku batean uger egitea eskatzen du.
Salto egiteko erabakia hartzen duenak igerilekua barik itsasoarekin topo egingo du batzuetan. Eta korronteak indartsuak izan arren, nekez eramango du nahi ez duen lekuren batera.
Orri zuriaren aurrean hartutako erabakiak txikiak dira, baina gauzatze hutsak hasiera batean pisu zena arintasun bidean jartzen du.