Norabidea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Agiriano 2014ko eka. 17a, 12:00
Intelektual, liburu bilatzaile eta kopiatzaile bikain batek, Poggio Bracciolinik, Lucreciok K.a. I. mendean idatzitako De rerum natura poema filosofikoa aurkitu zuen 1417an, Alemaniako monasterio batean.

Poema horren aurkikuntzak eta ondorengo hedapenak gure garaiko mugimendu filosofiko materalisten oinarriak finkatu zituela defendatzen du S. Greenblatt-ek El giro liburuan. Izan ere, ba al dago guk ezagutzen dugun mundua eragin duten ideien historia baino gauza liluragarriagorik? Norabide berri batean jartzen gaituzten ideien, mugimenduen historia, alegia.

2014ko ekainaren 8an, norbanako batzuek, libreki, euskal gizarteak dituen loturak, zauriak, minak, beldurrak, zalantzak… gainditu nahian, pertsonen arteko konfiantzan oinarrituta mugimendu berri bat jarri dute abian. Ilusio berriak sortu dituen mugimendua. Jendeak aurrera egin nahi du, jendeak harreman sanoak nahi ditu izan. Asko falta da, bai! Baina, ez ote da bide berri hau euskal gizartea norabide berri batean jarri ahal izango duena? Ekainaren 8an, giza katea osatzeko asmoz atera ginenok, norabide berri bat eskatzen ari ginen. Alderdien itxitasunak, bai alde batekoak zein bestekoak, albo batera utzita, izan gaitezela gu geu, herritarrok, protagonista bihurturik herri hau beste bide batean, norabide berri batean, jarriko dutenak.

XV. mendean, Poggio Bracciolini kopiatzaile humanistak Lucrecioren liburua zabalduz, errenazentisten pentsatzeko eta mundua ulertzeko era aldatu eta norabide berrian jarri bazuen gizartea, ekainaren 8an eratutako bide berriak ez al digu ba lagunduko norabide berria bilatzen?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak