Aldapan gora

Erabiltzailearen aurpegia Ibane Abasolo 2020ko mai. 2a, 00:00

Konfinamenduan gaudenetik, ez dut askorik pentsatzen etorkizunean. Arduratuta nago, bai, eta badaukat urduritasun puntu hori. Hasieran, lo egitea kostatzen zitzaidan. Baina orain, ohitu naizela dirudi, eguneroko erronkez nekatuta. Bi haur dauzkagu etxean, eta haien eskolako lanekin eta norberaren telelanarekin... ez dut asti handirik ez lo egiteko ez eta etorkizunean pentsatzeko. Eta konfinatuta gaude, baina hiperkonektatuta baita. Ordenagailu aurrean jartzen naizenean ez dakit hurrengo bideokonferentzia zeinena izango den, ingeleseko maisuarena, familiarena edo lantokikoa. Beldur naiz ea egunen baten ez ote dizkiedan alaben matematiketako ariketak azalduko lankideei edo laneko azken txostena nire gurasoei. Gauzak horrela, pentsamenduetan urrunena eguneroko erosketak Internetez egitearena da niretzat. Komuneko papera edo esnea atean jaso ahal izateko, hamabost egun aurrez egin behar ditugu enkarguak. Eta hor nabil, entretenituta, erosketak antolatzeko Excel bat egiteko puntuan. Entretenituta eta, nolabait, alde batera begira.

Koronabirusa gure bizitzetan instalatu zenetik, ziurgabetasun atmosfera dentso batek inguratzen gaitu. Ez dakigu noiz besarkatuko ditugun lagun eta senideak, noiz arte egon beharko duten etxean edadetuek, zelan bueltatuko diren haurrak eskolara edo zer motatako lana izango dugun, lanik badaukagu, hau dena pasatzen denean. Ziurgabetasun handiegia, ilunegia. Eta horren aurrean txikitu egiten naiz, egunero ziztrinkerietan pentsatzen dut. Labadorak, bazkariak, eskolako lanak... Egun bat hurrengoaren ostean. Bista altxatu gabe. Mendian aldapa gogorrak datozenean bezala, oinei begira.

Badaude momentu bereziak eta gauza onak ere. Bartzelonan, aire kutsadura azken urteetako baxuena da. Apenas autorik gabe kaleetan, txoriak entzuten dira goizero. Eta euri asko egiten dabilenez, aspaldiko urteetako udaberririk politena antzeman daiteke gure balkoitik Montjuic-erantz begiratzean. Arratsaldero, zortzietan, balkoira ateratzen gara denok, txalo egitera. Hiri handi bateko auzo txiki bat da gurea, baina orain arte apenas ezagutzen nituen inguruko bizilagunak. Txalo egiteak nolabait batu egin gaitu. Orain, badakit ze etxetan dauden haurrak, nor bizi den bakarrik, edo zeinek dauzkan txakurrak bere etxean. Eta badakit bizitzak salbatzearekin konprometituta gaudela denok. Oso berezia da. Momentu batez begirada altxatzen dut eta beste mundu bat posible dela amesten dut.

Pandemia honen eragina ingurugiroan, pertsonen arteko erlazioetan eta ekonomian itzela izango da. Adituek diotenez, gainera, datorkigun krisia azken bi mendeetako handiena izango da. Eta mentatzearekin bakarrik txiki bihurtzen naiz berriro. Oinetara begira. Etxean gelditzeaz aparte, gutxi egin dezaket. Agintarien momentua da, ez nirea. Orain hartuko dituzten erabakiek hurrengoko hamarkadetan izango dugun gizartea definituko dute, dudarik gabe. Non ipiniko dute dirua? Ni txikia naiz, txiki sentitzen naiz, baina espero dut agintarien artean aurrera begiratzeko ausardia duenik egotea. Elkarren arteko liskarrak utzi eta gizarte bezala batzen gaituena zer den ikusi dezaketen agintariak. Mendi gailurrera gidatu behar gaituzte, tipi-tapa, baina zein gailurretara joan nahi dugun ahaztu gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak