"Udaberria"

Erabiltzailearen aurpegia Ibane Abasolo 2013ko mar. 27a, 01:00

Ezagunak dira neguan, energia mantentzeko, lo sakon egoeran sartzen diren animaliak.

Zoologoek hibernazioa, estibazioa, eguneko lozorroa eta "neguko loaldia" bereizten dituzte, baina ez naiz horretan geldituko oraingoan. Esan, hamsterrak, saguzarrak edo hartzak, beste batzuen artean, beraien metabolismoa jaisten dutela lozorro egoeran sartu arte. Bihotz taupaden erritmoa eta gorputz tenperatura jaitsiaz animalia hauek negu hotzak jasateko gai dira, ia janaririk gabe. 

Gizakien artean ere, hibernazio antzeko prozesuak eragiteko moduak badira. Bihotz ebakuntza batzuetan, adibidez, pazientearen tenperatura 15 gradura arte jaisten da. Tenperatura horretan, metabolismoa apaldu egiten da eta zirujauek 30-40 minutu eman ditzakete ebakuntza egiten garunean arazorik sortzeko arriskurik gabe. 

Zientzialariek badihardute lanean, gorputzak hibernatzen igarotzen duen denbora luzatu nahian. Baina, nire ustez, kontrako prozesua, hau da, lozorro edo hibernaziotik irteteko zer behar den ezagutzea askoz interesgarriagoa da. 

Lehenago aipatutako ugaztunetan, adibidez, inguruko tenperaturak igotzen hasten direnean, animaliek, lozorrotik esnatu, eta beraien gorputz tenperatura ere gorantz bultzatzen dute, batez ere mugimenduarekin. Dar-dar egiten dute. 

Eta nik ere horrelako zerbait sentitzen dut udaberria datorren bakoitzean. Mugitzeko beharra daukat. Gainetik atera behar ditut neguan zehar bildutako amaraun eta istorio beltz guztiak. Agur neguko iluntasunari eta betor aire fresko, garbi eta berria. Udaberri arabiarraren lez, nik ere nire udaberria nahi dut. Baina ez iraultza politikoa bultzatzeko, iraultza pertsonala bultzatzeko baino. 

Lozorrotik esnatu eta energiaz, positibotasunez hasteko datorren udaberri berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak