Ikasteko eta ez ahazteko

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Solupe 2016ko mar. 11a, 00:00

Gazte egin nuen nire hautu politiko eta militantea, 90eko hamarkada hasieran.

Garai konplikatuak. ETAren indarkeria eta bere inguruko presio mugimenduak eguneko platera ziren albistegietan. Eta nola ez, biktimak.

Egiten zuten guztiengandik urrun nengoen, oso. Eta erailak ziren eta indarkeria sufritzen zuten biktima asko ere urrun sentitzen nituela aitortzen dut.

Duela aste pare bat, barrenak hunkitu dizkidan hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen. Elkarren eskutik, Mari Carmen Hernandez eta Amaia Etxaniz, ETAren eta BVEren indarkeriaren biktimak, hurrenez urren. Eskuzabalak izan ziren biak euren galera eta sufrimendua han geundenokin partekatzean. Memoria plaza erakusketa ibiltariaren egitarauko hitzaldietako bat zen, salbuespenik gabe, alderdi politiko guztien babesa jaso duen proiektua. Entzuleen artean ETAko bi kide ohi.

Zer pentsa eman dit erakusketaren edukiak. Ikus-entzunezko testigantzak dira guztiak; biktimenak, herritarrenak eta kultur sortzaileenak. Terrorismo desberdinen, polizia gehiegikerien eta frankismoaren indarkerien biktimen memoriek, garai baten urrun edo hurbil sentitu banituen ere, guztiek hunkitu naute, guztiak baitira sufrimendu. Eta herritar ezezagunen eta euskal sortzaileen hausnarketa askorekin bat eginez, hasierako aitortzarekin bada ere hasi naiz.

Garai berriak bizi ditugu, itxaropentsuak. Gertatutakoaren gotorlekutik atera eta aurrera egitekoak.  Baina itxaropen horrek ez gaitzala eraman ezer gerta ez balitz bezala egitera. Sufritu dutenek esateko daukatena entzuteko aukera daukagu; begirada gure zilbor-hestetik jaso eta ikasteko aukera daukagu. Erakusketan hausnarketa batek memoriaren aukeraketari buruz dioen bezala, "selekzio horretan ez dezagun soilik selekzionatu gure patxadarako behar duguna baizik eta ikasteko komeni zaiguna ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak