... "borondatezko elkarlanean oinarrituta, aldeen arteko onarpena eta errespetua eskatzen du, eta ondorioz, egun egozten diren rolen berrirakurketa sakona; izan ere, hitzarmeneko beste partaidearen aldetik lortu daitekeenaren ordez, bestearekin batera lortu dezakeguna da guztion helburu partekatua".
Hauxe jaso nuen aurreko udazkenean aholkularitza txosten baten, elkarlan eta parte-hartzetik gaindituko litzatekeen administrazio eta hedabideen arteko "trintxera" harremanaren inguruan. Jarrera kontu bat besterik ez da; solaskidea onartu, errespetatu eta elkarrekin guztiontzako onargarriak izan daitezkeen aukerak zabaltzea. Gobernantza edota harreman eredu normalizatu bat, alegia. Zutabe hau idazteko ideia bila ari nintzela aproposa iruditu zitzaidan esaldioi gertuen dauzkagun administrazioetan hain justu ere gertatzen ez dena irudikatzeko. Ez, behintzat, gure herrian.
Akordio, borondate, eta parte hartze berbok hutsaren hurrena dira ahaleginen ondorioez lagunduta ez badatoz. Jarrera kontua da, alegia; guztiontzako onuragarria den puntua bilatzea, jakinik alde guztiek euren helburuari neurri baten uko egin beharko diotela. Baina, oraindik orain, klandestinitateko estilo liburu bertikal eta ezarlearen zantzua daukatenek desberdin pentsatzen dutenei dagokien errespetua aitortu, eta adostasunak lantzeko zailtasun serioak dauzkate.
Hori da joan den astean beste behin ere herriko arduradun politikoek erakustera eman zigutena, bai aurrekontuekin, zaborren gaiarekin eta baita batzarreko gai zerrenda euren interesen arabera nahieran aldatzeko erabakiarekin: errespeturik ez udalbatzako gainontzeko alderdiekiko, errespeturik ez desberdin pentsatzen duten herritarrenganako. Berbak eta inprobisazioa besterik ez Aretxabaletako Udalean.