"Lesbos paradisua eta infernua da aldi berean", dio Leire Etxeberriak, Hotz Oñati elkarteko kideak: "Paradisua turistentzat eta infernua errefuxiatuentzat". Hilabete igaro du bertan, Zaporeak GKEarekin boluntario moduan. Lesbos 2015ean egin zen ezaguna, gehienbat Siriako gerraren ondorioz, milaka eta milaka errefuxiatuk babes bila Europara jo zutenean. Greziako uharte hori Europako ateetako bat da: Turkiatik 12 kilometrora dago. "Orain Ukrainako errefuxiatuak dira albistea, eta Lesbosekoak ahaztuta dauzkagu: ahaztutako errefuxiatuen kartzela bihurtu da Lesbos".
Zaporeak proiektuan sei urte daramatzate errefuxiatuentzat janaria prestatzen, eta 2019tik Lesbosen daude. Etxeberriaren arabera, "orain lehen baino askoz errefuxiatu gutxiago iristen dira, baina ez da errefuxiaturik ez dagoelako, Europak gero eta oztopo gehiago jartzen dituelako baizik". 2016ko martxoan Europako Batasunak akordioa sinatu zuen Turkiarekin, errefuxiatuak bueltan bidaltzeko. "Gainera, Frontexeko poliziek itsasoaren kontrola bereganatu dute. Errefuxiatuen ontziak detektatu, eta buelta emanarazten diete. Lagundu beharrean, bidali egiten dituzte, adibidez uretara tiroak jaurtiz eta errefuxiatuen bizitza arriskuan jarriz". 2022an Egeo itsasoan gutxienez 7.102 pertsona itzuli dituzte Turkiara, Aegean Boat Report GKEak emandako datuen arabera. Pakistango mutil gazte bat 11 aldiz saiatu ei zen, Lesbosera iristea lortu zuen arte: "Eskerrak mafiarekin prezio itxia zuela".
GKErik lekuko moduan ez baldin badago, lehorrera iristea lortzen dutenak 'beroan bueltatzea' ohiko praktika dela azaldu digu Etxeberriak, legez debekatuta dagoen arren. Duela bi hilabete Frontexeko zuzendariak dimisioa eman behar izan zuen, horrexegatik.
Gerraontziak eta greziar armadako itsasontziak ere badabiltza Lesbos inguruetan. "Debekatuta dago GKEek itsas-behaketa egitea edo Frontexeko ontziei argazkiak ateratzea. Polizia berehala agertzen da". Errefuxiatuen kanpalekura sartzeko baimena duten GKEei, berriz, konfidentzialtasun-hitzarmena sinarazten diete: ezin dute kanpalekuan ikusitakoaren berri eman. Zaporeak proiektuko sukaldea kanpalekutik kanpo dago. "Kanpalekua lur-mutur batean dago, itsasoz inguratuta eta hesituta. Sarreran istiluen aurkako bi furgoneta eta polizia mordoa dago, ezin dira gaueko hamarrak ondoren sartu edo atera, katxeatu egiten dituzte... babesleku baino gehiago kartzela da".
Kontraste handia
"Kontraste ikaragarriak daude Lesbosen". Uharte ederra da. Safos poetaren jaioterria; 'lesbiana' hitzak bertan du jatorria. "Ur gardena, lasaitasuna. Termak, gazteluak, olibondoak... paradisua da batzuentzat. Turistak egunpasa joaten dira Turkiara, ferryan, baina errefuxiatuek bizitza arriskuan jartzen dute egunero". Paniaguda herritxoan, turistendako jatetxeetatik kanpalekuko argiak ikusten ei dira gauez. Bi bizimodu erabat desberdin, toki berean.
Lesboseko kanpalekuan 1.200 errefuxiatu inguru daude une honetan, hainbat jatorritakoak: batez ere Afganistan, Somalia, Kongoko Errepublika, Siria eta Kamerun. Lehen hiru kanpaleku zeuden Lesbosen, orain bakarra. Moriako kanpalekua 2020ko irailean erre zen. Etxeberriak dioenez, "Moria 1.200 pertsonarentzat zegoen prestatua, baina 2019 bukaeran 20.000 pertsona zeuden. Infernua zela diote bertan egon ziren errefuxiatu guztiek. Oso baldintza txarretan bizi ziren: ordutako ilarak janaria lortzeko eta dutxatzeko... Arratoiak. Borrokak eta bortxaketak gauero".
Greziako Gobernuaren ardurapean zegoen Moria kanpalekua. Eta baita oraingoa ere. "Zaporeak-eko sukaldean boluntario moduan dabilen errefuxiatuetako batek, Nazik, lau urte daramatza Lesbosen, senarrarekin eta hiru seme-alabekin. Morian oso gaizki egon ziren. Ea oraingo kanpalekuan zer moduz galdetu nion, eta 'pixka-pixkat hobeto' esan zidan", kontatu digu Etxeberriak. "Penagarria da. Beste eredu batzuk posible dira. Aurretik egon zen kanpaleku bat, Pikpa GKEak eramaten zuena, oso eredugarria zen. Sariak ere irabazi zituen... baina itxi egin zuten".
Asilo-eskaerak
Gero eta zailagoa da Lesbosera iristea, eta iristen diren guztiek ere ez dute lortzen bertan geratzea. Europako Batasunak Turkiarekin sinatutako akordioaren ondorioz, asilo-eskaera egin ahal izateko "Greziako uharteetara iristen diren errefuxiatuek Turkia beraientzat ez dela herrialde segurua demostratu behar dute; bestela, Turkiara bidaltzen dituzte bueltan, ez beraien jatorrizko herrialdeetara".
Aurre-baldintza hori gaindituz gero, asilo-eskaera egiteko prozesua abiatzen dute. "Orain erantzuna emateko prozesua azkartu dute, baina batzuek 3-4 urte igaro dituzte zain". Errefuxiatuak "harrapatuta" geratzen direla dio Etxeberriak, bertatik atera ezinik eta deportatuak izateko arriskuan. "Grezian eskaeren ia erdiak ezezkoa jasotzen du. Europak erabakitzen du zeintzuk diren gerran dauden herrialdeak edo zonaldeak, eta adibidez Afganistan eta Siriako zonalde batzuk segurutzat jotzen dituzte; kasu horietan, asilo- eskaera indibiduala hasi behar dute jazarriak zirela eta beraien bizitza arriskuan zegoela frogatzeko".
Baiezkoa lortuz gero, greziar pasaportea lortzen dute, eta Lesbosetik ateratzeko aukera dute, adibidez Europako Batasuneko beste herrialde batera, "baina iristen diren tokian berriro egin behar dute asilo-eskaera, eta gehienetan ukatu egiten diete eta Greziara deportatzen dituzte, herrialde segurua delako". Behin pasaportea lortuta, hilabete dute kanpalekua uzteko, eta noraezean geratzen dira: "Errefuxiatu guztiek Lesbosetik alde egin nahi dute, beste nonbaiten bizimodua ateratzeko. Nazik eta bere familiak ere Alemaniara joateko hegaldi-txartelak erostea lortu dute, kostata, baina oso posible da berriro bueltan bidaltzea".