Prestakuntza eta laguntza teknikoaren bidez, Ekuadorreko emakume birziklatzaileen kudeaketa eta gobernantza gaitasunak hobetu nahi izan dira, RENAREC (Red Nacional de Recicladores de Ecuador) eta haren erakunde elkartuen bitartez. Horretarako, beste behin, Mundukide izango dugu bidelagun.
HUB (2002) txostenaren arabera, Latinoamerikak eta Karibeak 230 milioi tona hiri-hondakin solido inguru ekoizten dituzte urtean eta horietatik %4,4 baino ez dira aprobetxatzen. Gainera, Ekuador da ekoizten dituen hondakinak gutxien birziklatzen dituen Latinoamerikako herrialdeetako bat (%4).
Latinoamerikako gainerako herrialdeetan bezala, Ekuadorren birziklapena, batez ere, ofiziozko birziklatzaileek maneiatzen dute, eta BIDaren arabera, berreskuratzen den materialaren %50 baino gehiago beraiei esker birziklatzen da.
Birziklatzaileak, oro har, gutxieneko soldataren azpiko diru-sarrerak dituzten talde sozioekonomiko oso behartsuetakoak dira. Biztanleriaren %10 pobreenen artean daude, eta gizarte-talde baztertuenetako eta zapalduenetako kide dira, eta haien eskubideak urratuenak dira. Birziklatze lana ikusezin bihurtu eta mespretxatu egin da, lan zikin, iraingarri eta legez kanpokotzat hartuta.
Ekuadorren 20.000 birziklatzaile baino gehiago dira eta %60-80a emakumeak dira. Birziklatzaileen gutxiengo bat elkartuta badago ere, eratu dituzten erakundeak funtsezkoak izan dira baldintza hobeak eta erakundeen eta gizartearen onarpen handiagoa lortzeko bidean. 2008. urtean Ekuadorreko Birziklatzaileen Sarea (RENAREC) sortu zen, herrialdeko birziklatzaileen erakundeak bilduz.
Gaur egun 1500 birziklatzailek osatzen dute RENAREC (%70 emakumeak) eta gehienak helduak dira. Ekuadorreko birziklatzaileen gremioa indartzen saiatzen da, erakunde publikoetan eraginez, prestakuntza emanez eta merkaturatzen lagunduz.
Mundukidek 2018an ekin zion birziklatzaileen elkarteekin lan egiteari Kolonbian. Orduz geroztik, elkarte hauen gaitasunak indartzera bideratutako ekimen batzuk garatu ditu. Lan horren parte gisa, eta ANRrekin koordinatuta (Kolonbiako Birziklatzaileen Elkartea), Mundukide Ekuadorreko RENARECekin harremanetan jarri da, eta haren kudeaketa indartzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa jasotzea oso egokia dela iritzi diote.
RENARECek kudeaketa eta gobernantza indartzeko beharra adierazi dio Mundukideri, eta horretarako, aholkularitza eta laguntza prozesu bat ezarri da, bisita teknikoen eta prestakuntza mintegien bidez gauzatu dena.
Emakume Kichwen ahalduntze ekonomikoa
Kakaoa, wayusa eta platanoaren ekoizpen katean chakra sistema jasangarriaren bidez Ekuadorreko Amazonian emakume kichwen ahalduntze ekonomikoaren bigarren faseari 2022.urtean ekin genion Dikar S.Coop-aren laguntzari esker, nahiz eta Wiñak Elkarteko lagunak aspaldiko ezagunak ditugun. Egiten duten lan onari esker, harreman estuan jarraitzen dugu beraiekin, eta finantziazioa bidean gaude. Proiektu honekin emakume kichwen ahalduntze ekonomikoa bultzatu nahi da chakra sistema agroforestalaren bitartez ekoizten dituzten produktuen bidez, Wiñak Elkartea bitartekari izanik.
Napo probintziako kichwar komunitatea Sumaco Napo-Galeras Parke Nazionalaren trantsizio eremuan kokatzen da. Eremu honek duen biodibertsitateagatik eta Parkeko Nukleoaren gertutasunagatik babes berezia behar du, eta horretarako, ingurugiro inpaktu txikiena sor dezakeen jarduera ekonomikoa sustatu behar da.
Chakra printzipio jasangarriak gailentzen diren jarduera agroekologikoa da, besteak beste, dibertsitatea eta laborantzaren txandakatzea landuz. Orokorrean emakumeak dira chakra-n laborantza lanetan aritzen direnak.
Wiñak elkartea irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta Ekuadorreko Amazonian dagoen Napo probintziako kichwar nekazari taldea ordezkatzen du. 257 bazkide ditu, %66 emakumeak,%34 gizonezkoak. Kichwar Nazionalitatea egiten ari den esfortzu eta gainditzean berebiziko garrantzia du eta emakumeez lideratutako garapena bultzatzen ari da, dibertsitate kultural eta naturala errespetatuz, eta kolektibo osoaren inklusio ekonomiko eta soziala bermatuz.
Proiektu honen helburu orokorra kichwar nekazari indigenen bizi kalitatea hobetzea da, emakumeek sustatutako ekoizpen kate lokalak indartuz. Zehazki, kakao, wayusa eta platanoa ekoizten duten emakume hauen ahalmen prozesatzea hobetu nahi da, makinaria berria ipiniz eta energia trifasikora sarbidea lortuz.
Wiñaki buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ondorengo estekak partekatzen dizkizuegu: