Ekuadorko proiektuaren berri emango du Hiruatxek eguenean

Erabiltzailearen aurpegia Hiruatx 2015ko aza. 23a, 12:24

Ekuadorko Napo probintzian abian jarritako kakao kooperatibaren berri emango du Hiruatxek azaroaren 26an, eguena, udaletxe zaharrean, 19:00etan. Irekia da hitzaldia eta bi zati izango ditu: batetik proiektuaren aurkezpena, eta bestetik, Oñatiko Txokolateixako Anton Azpiazuren azalpenak kakaoaren eta txokolatearen gainean; dastaketa ere egongo da.

Hiruatx bultatzen ari den proiektua, Ekuadorko Napo probintzian dagoen eta gaur egun indarra hartzen ari den Wiñak nekazaritza-artisau elkartean kokatzen da. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta probintzia horretako komunitateetako 211 bazkidez osatuta dago (64 gizon eta 147 emakume), indigena kitxuak guztiak. 

Ekuador, tradizioz, kakao ekoizle garrantzitsua da eta gaur egun nazioartean oso ezaguna da, kakao fin eta usaindunaren munduko ekoizpenaren %61aren hornitzaile baita. Kakaoa ekoizten duten Ekuadorko zona horiek oso aberatsak eta oparoak dira baliabide naturaletan; horri esker produktuak zapore eta aroma ezin hobeak garatu ditu. Napoko probintzia ekoizpen ahalmen handiko lurraldea da. Bertan 5.100 nekazarik, horietako gehienak indigenak (kitxuak %68, kolonoak %32), usain gozoko kakao finaren 6.885 hektarea inguru lantzen dute. 

Duintasunez bizitzea helburu

Wiñak elkartearen helburua  honakoa da: elkarkideen ekoizpena eta emankortasuna (produktibitatea) hobetzea eta kalitate eta nortasunez lortutako produktu eta zerbitzuak merkaturatzea, guztientzat irabazi ekitatiboa lortuz eta baliabide naturalak babestuz. Horretarako, giza oinarriaren beharrei erantzuten dieten hainbat estrategia garatzen ditu, besteak beste prestakuntza, ekoizpena, eraldaketa, zerbitzuak, eta inbertsio kutxa herritarra.

Hiruatxen proiektuaren helburu orokorra, duintasunez bizi ahal izateko ekonomia endogeno bat bultzatzea da; horretarako ekoizle txikiez osatutako  elkarteak sortzen lagunduko dute eta beren elikagai-subirautza sustatuko duten eta gaitasun eta aukera ekonomikoak indartuko dituzten truke ekonomikoak eta iraunkortasun ekosistemikoa bultzatuko dute.

Wiñak nagusiki emakumez osatuta dagoen erakundea da. Bere giza oinarriaren %70a emakumeek osatzen baitute. Proiektu honen bitartez, emakumeen ahalduntzea lantzen da eta baita beren eskubide ekonomikoen  lortze bidean aurrera pausuak ematea ere. Horretarako lidergoa lantzen da, emakume liderrak prestatuz, eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak gutxitzeko ekintzak gauzatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak