Dena dela, tele-errealitatea unetxo batez besterik ez dugula ikusi frogatu beharrean aurkitzen dugu geure burua. Besteari ziurtatu behar diogu dosi txikian kontsumitu dugula produktu lotsagarri hori. Hala ere, ez nuke esango gakoa dosian dagoenik, baizik eta dosi hori kontsumitzeko moduan. Isabel Pantojaren eta beste askoren gorabeherak izugarri erakarri gaitzake. Berdin dio zein neurritan irensten dugun. Nola barneratzen dugun moduan dago giltza. Orduan, nola ikusi eta irentsi beharko genuke informazio mota hori? Lehenik eta behin, ikusten ari garenaren kontzientzia hartuta. Ideia hau bistakoa dela dirudi, baina ezin dugu ahaztu denbora-pasa baten ikusleak garela. Honi, gauzengandik distantzia hartzea deitzen diogu. Bigarren une batean ikuspuntu ezberdin batez lortuko dugu ikusitakoa barneratzea. Jasotako informazioa zalantzan jarri dezakegu horrela, baina hala egiten ez badugu? Bada, ohikoa gertatuko da: informazioa aintzakotzat hartuko dugu, guztia sinetsiz. Telebistan ikusi eta entzundako edukiek izugarrizko sinesgarritasun boterea dute. Hor dago arriskua. Ez dugu dena sinistu behar. Bestela, batek esan zuen bezala: "Daukagun telebista merezi dugu".