Ondo deritzot familiako giroa ospatzeari eta gozatzeari. Inongo txarrik ez, alderantziz: ederra behar da izan gurasotasuna ospatzea.
Hazten doazen seme-alaben koskortzea derrigorrezko festa moduan ezarri beharko genuke. Gozagarria da, tarteka, familian bildu eta elkarrekin senidetasunean bizitzea. Gure baitan daramagun sentipenen artean dago senidetasuna, gure izatearen eta nortasunaren funtsezko zutabea.
Senide hitzak zerbait agertzera ematen badu, elkarren arteko baldintzarik gabeko eta dohaintasunez eta duintasunez ematen den harremana adierazten du. Ezta? Balio horiek indartu eta sendotu beharko genituzke.
Garai baten denontzako, eta gutxiengo batentzat oraingoan ere, balio horiek kristau erlijioarekin lotuta joan izan dira. Horregatik, fede hezieraren pausoak, kristautasunean aurrera egitez gain, senidetasunaren balioak bizitzeko aukera izan dira eta badira.
Kristautasuna senidetasunik gabe ez dago bizitzerik; baina senidetasuna, ordea, kristau federik gabe, bai. Orduan, zergatik hain gurea den hitza, Jaunartzea alegia, erabili fedetik at familia biltzeko lehenengo usadioen itzalean aitzakia bilatuz?