Arratsaldea gau bihurtzen hasten den honetan, emakumezko eta gizonezkoek, iluntasunari eta euriari aurre eginez, bildu, aterkiak zabaldu, eta eskusoinuaren zuzendaritzapean, kalez kale eta tabernaz taberna kantatzeari ekin zioten. Gogoan daramazkigun euskal kantak eztarritik kaleetara atera zituzten, erabat desatsegina zen giroa goxatu eta alaituz.
Ekonomiaren munduan ere, ekaitzaren zurrunbiloa pairatzen ari gara: Caritaseko bulegoa gainezka dugu, gazte asko lanik gabe, lan egitera etorritako etorkinak zer egin ez dakitela… Egoera horri buelta emateko gizartearen antolaketan aldaketa egin behar dugula gauza jakina eta beharrezkoa da. Asmo horretan, txikiteoan zihoazen kantariak eredu dira: egoeraren aurrean kikildu ez, elkartasunaren aterkiekin batak besteak babestu, danok elkartuko gaituen soinu gidari bat sortu eta bakoitzaren dohain eta indarrak taldeari eskaini. Asteburuan jasotako euriak galera sortu du. Ekonomiaren ekaitzean pertsona ugari itotzen ari dira.
Portaloian bilduko gara? Inork eskusoinua jotzen al daki? Batera kantatzeko ordua dugu. Eta kajoiko Maritxuk babes gaitzala!