Aldaketa horien artean, alde batetik, matrikulazioa egiteko orduan gurasoen lan egoeraren menpekotasuna dugu; hau da, umearen matrikulazioa egiteko, gurasoek derrigorrez lanean egon behar dute eta ezin dira gurasotasun-baimenean edota haurren zaintzagatiko eszedentzian egon.
Bestalde, barematzeko erabiltzen diren irizpideak zentzugabeak dira, askotan. Adibide moduan, herrian edo herritik kanpo lan egitearena daukagu. Lehenengoak gehiago puntuatzen du bigarrenak baino, baina beharra bigarren kasuan handiagoa da.
Horretaz hain, ordutegian eta haren malgutasunean murrizketa esanguratsuak egingo dituzte, eta familien kontziliazioa erabat baldintzatuko dute. Eta, azkenik, gutxieneko asistentzia baten betebeharra ere egongo da kaleratua ez izateko.
Hori horrela, Oñatiko Txiki Txoko Haurreskolako egoera ekarri nahi dugu orain aditzera, eta hango kasuistikak azaldu: 0-1 urteko gelan matrikulatua izan nahi zuen ikasle baten aitak lau asteko aitatasuna oraindik hartu gabe duenez, ez da onartua izan. Egoera horrek familia behartzen du lau aste horiek irailean hartzera edota hirugarren pertsona baten beharra izatera. Matrikulazio kopuruaren hazkundearen ondorioz Partzuergoak beste gela baten irekiera onartu duen arren, plaza guztiak beteta egongo lirateke 1-2 urteko haurrentzat. 0-1 urteko haurrentzat hamar plaza geldituko lirateke.
Hortaz, agindu berri horrek urteetan kontziliaziorako lortu diren aurrerapauso guztiak blokeatzen dituen zantzua dugu. Zerbitzu publikoa eta unibertsala behar dugu izan, eta doakotasunak ezin du ekarri familiak kanpoan uzteko pentsatuta dagoen proposamen baztertzaile eta mugatzaile bat. Are gutxiago, familien eskubideak urratzen dituen bat.
----------
Maialen Barrena, Angel Lera, Xabier Narbaiza, Ander Zabaleta, Ane Anduaga, Josune Benito eta Haizea Etxebarria
Oñati