Haurreskola Partzuergoak egindako antolamendu eta funtzionamendu aldaketek ez dituzte gurasoen beharrak asetzen

5/03-2023 Erabakia, martxoaren 22koa, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearena, zeinaren bidez onartzen baitira Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza, funtzionamendua eta haurren izen-emate arauak 2023-24 ikasturterako dokumentuan, hurrengo urtean Partzuergoko haurreskoletan izango diren aldaketak jasotzen dira.

Behin eta berriz entzun dugu prentsan, irratian eta telebistan 2023-2024ko ikasturtetik aurrerako Partzuergoko haurtzaindegien doakotasuna. Doakotasun horrek, baina, letra txikiz idatzitako hainbat eta hainbat aldaketa ditu, zeinak gurasoon beharrak ez dituen inolaz ere asetzen.

Aldaketa horien artean, alde batetik, matrikulazioa egiteko orduan gurasoen lan egoeraren menpekotasuna dugu. Hau da, umearen matrikulazioa egiteko, gurasoek derrigorrez lanean egon behar dute; ezin dira gurasotasun baimenean edota haurren zaintzagatiko eszedentzian egon, horrek dakarrenarekin.

Bestalde, barematzeko erabiltzen diren irizpide batzuk askotan zentzugabeak dira, eta, horretaz aparte, ordutegian eta haren malgutasunean murrizketa esanguratsuak egingo dituzte; hala, familien kontziliazioa erabat baldintzatuko dute. Azkenik, gutxieneko asistentzia baten betebeharra ere egongo da kaleratua ez izateko.

Haurreskola Partzuergoko matrikulazioko aldaketa horiek guztiak tarteko, Oñatiko Txiki Txoko Haurreskolako egoera ekarri nahi dugu orain aditzera, bertako kasuistikak azalduz:

1- 0-1 urteko gelan matrikulatua izan nahi zuen ikasle baten aitak 4 asteko aitatasuna oraindik hartu gabe duenez, ez da onartua izan. Alde horretatik, familia bakoitzak berak daki noiz behar dituen aste horiek hartu kontziliazio egokia izateko, eta egoera honek lau aste horiek irailean hartzera behartzen du aita. Hori edota aitona-amonen edo kontratatutako pertsona baten beharra izatera haurra zaintzeko.

2- 1-2 urteko gelan 2022-2023ko ikasturtetik bertan dauden bi geletako plazak beteta zeudenez, izena eman duten hogei familiatik hamalau hasiera batean itxarote-zerrendan egon dira. Partzuergoak beste gela baten irekiera onartu duenez, azkenean onartuak izan dira guztiak. Plaza guztiak, baina, beteta daude, eta, inork ikasturtean zehar matrikula beharra izango balu, ezingo luke.

3- Irekitako gelak oraindik ez du bermatzen irailaren hasieran bertan hasi ahalko direnik. Udala obraren gainean egongo da eta ahalegin guztiak egingo ditu, baina airean dago eta familiek kezka dute.

Familien kezkekin jarraituz, ondorengo hauek ere baditugu:

1- Ordutegiaren murrizketak ez du familia eta lana bateratzen laguntzen. Kanpoan lan egiten duten familia asko daude, eta haiek ez dute nahikoa planteatzen den ordutegiarekin haurraren kontziliaziorako; are gehiago, bi edo ume gehiago izanez gero. Kasu horietan, gainera, umeak bi eraikin desberdinetan izan eta ordutegi berean batu edo utzi behar badituzu, ezinezkoa da biengana iristea. Era berean, Partzuergoa jakitun da ordutegi horrek ez dituela familia guztien premiak asetzen. Badakigu, gainera, esperientzia pilotu bat egin dela hiriburuetan, arratsaldeko zazpiak arteko ordutegiarekin, eta ez dela batere arrakastatsua izan. Zergatik ez banatu hiru ordu horiek goizean lehenago ireki eta arratsaldean beranduago jasotzeko aukera eskainiz?

Partzuergoak matrikulatutako haurren ordutegiak aztertu omen ditu, eta ikusi dute planteatzen den ordutegia dela gehien aukeratzen dena. Horrek, baina, aitona-amonen edota ordaindutako beste pertsona batzuen beharraren ondorioa da. Laguntza horiek ez dituzten familiek zer egingo dute? Partzuergoak berak familiek duten murrizketarako edota baimenak hartzeko aukeraz hitz egiten du horren aurrean, baina familia bakoitzaren egoera sozioekonomikoa zein den bakoitzak ezagutzen du, eta horretan ezin gara oinarritu.

2-Matrikulaziorako planteatzen diren irizpideak –baremoak– ere oso eztabaidagarriak dira. Adibide moduan, herrian edo herritik kanpo lan egitearena daukagu. Lehenengoak gehiago puntuatzen du bigarrenak baino, baina beharra bigarren kasuan handiagoa da.

Urteetan kontziliaziorako lortu diren aurrerapauso guztiak blokeatzen ditu agindu berri horrek, eta aurrera beharrean atzera goazen zantzua dugu.

Zerbitzu publikoa eta unibertsala behar dugu izan; ordea, doakotasunak ezin du ekarri familiak kanpoan uzteko pentsatuta dagoen proposamen baztertzaile eta mugatzaile bat. Are gutxiago, familien eskubideak urratzen dituen bat.

Horregatik guztiagatik, eskertuko genuke Partzuergoak familien eskariak eta beharrak ongi aztertzea eta beharretara egokitzea.

----------

Maialen Barrena, Angel Lera, Xabier Narbaiza, Ander Zabaleta, Ane Anduaga, Josune Benito eta Haizea Etxebarria

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak