Ez da pertzepzio pertsonala; tamalez, nahiko orokorra da herritarren artean.
Gure adinekoekiko –eta haien senitartekoekiko– arretarik ezaz ari naiz. Lehen Mailako Arreta, larrialdiak, probak eta diagnostiko-azterketak eta espezialisten kontsultak eta azterketak ez egitea edo baliogabetzea... Uste dute horiek guztiak jada ez direla beharrezkoak, eta gastu handia eragiten dutela gainbeheran dagoen egungo sisteman; baina, batzuetan, gaixotasunak prebeni ditzakete eta berebiziko garrantzia izan dezakete beren bizitzak salbatzeko.
Hala ere, okerrena eta larriena da pazienteak ospitaleratzea behar duenean –batez ere, Barne Medikuntzako Unitatean, bertan hiltzen baitira horietako asko–. Baliabide, bitarteko eta tratamendu eraginkor eta egoki urriak dituzte –ez dute halakorik–. Tratamendu horiek hartuta, batzuetan, okerrera ere egiten dute, eta haien osasun-egoera hondatzen dute bat-batean. Batez ere, une horretan duten patologiaren araberako espezialista egokiek artatzen ez dituztelako eta Erkidegoko beste ospitale batzuetako unitate espezifikoetara bideratzen ez dituztelako.
Erabat hilesten dituzte, edadeko pertsonei egokitutako irizpideak eta protokoloak ezarrita. Literalki, bertan behera uzten dituzte. Jainkoak direla uste dute, eta haien bizitzei buruz erabakitzen dute. Haientzat onena dela uste dute, eta nahikoa bizi izan direla. Traba egiten diete.
Gure pertsona maiteek ez dute merezi osasun politiken utzikeria hori. Ukatu egiten zaie osasun- eta laguntza-eskubide duin eta egokia, legez eta justiziaz edozein gizakiri dagokiona, eta, jakina, bizitzeko aukera eta eskubidea.
Zoritxarrez, neure esperientziatik idatzi dut hau.
----------
Manuel Perea Peña
Arrasate