Sastraka artean denborarekin ezkutatuta egon den izugarrizko zabor pila agerian gelditu zen; eta oraindik ere han jarraitzen du, nahiz eta hilabetea pasa den bertako belarra moztu zutenetik. Gure lorategiak eta berdeguneak zaborrez beteta daude. Udaleko inork ez ditu garbitzen? Agian, horren azalpena hau izan daitekeela iruditzen zait: lorezainek belarra mozten dutela, baina beraien lana ez dela bertako zaborra jasotzea; eta kale-garbitzaileen lana ez dela lorategiez arduratzea...
Goizeko lehen orduetan, garbitzaileek besteek zikindutakoa garbitu aurretik, kaleetan, jolastokietan, lorategietan, autobus geltokietan eta parkeetan dauden eserleku inguruetan aurreko egunean jan eta edan denaren soberakinak agertzen dira lurrean botata, nahiz eta zakarrontziak bertan egon: litxarreria-poltsak, kristalezko eta plastikozko botilak, freskagarri- eta garagardo-latak, zigarrokinak, janari azkarren ontziak…
Herriko, lantegietako eta gure etxeetako paretak eta hormak grafitiz eta pintaketaz beteta daude. Iturri inguruetan egun beroetan puxika-zatiak agertzen dira. Jaietako edalontziak, plastiko eta kristal puskak edonon aurkitu daitezke; berdeguneetan, erreka bazterretan... Jende askok lorategietako zuhaixkak bertan zaborra uzteko erabiltzen ditu, adar artean ezkutaturik. Arruenako parkean, txakur-kakez gain, pinu azpian eta parkingeko erreka bazterrean gizaki kakak daude; olio-poteak ere aurkitu daitezke Eroski gasolindegiaren inguruan. Ibaian bertan supermerkatuetako orgak behin baino gehiagotan agertzen dira...
Egoera hori benetan tamalgarria dela uste dut. Arrasate zikin-zikina dago, gero eta zikinagoa; baina ez da batzuek garbitzen ez dutelako, ingurunearekiko errespeturik ez dutenek zikindu egiten dutelako baizik.
----------
Yolanda Jimenez Sudupe
Arrasate