Natura maite dugu/dute, ala...

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Ekainaren 5ean ospatuko den Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta, idazki honetan hainbat ingurumen-arazo aipatu nahi ditut.

Azken boladan, ekologismotik kezkaz ikusten dugu nola politikari eta alderdi politiko batzuek ez duten naturaren aldeko neurririk ezartzen. Gaur egungo egoera oso kezkagarria izan arren, oso nabarmena da klima aldaketa dagoela: tenperatura aldaketak eta muturreko fenomeno meteorologikoak. Hala eta guztiz ere, gure politikariak herria hondatzen ari dira, proiektu faraonikoekin. Adibideak soberan dauzkagu: AHTa, eolikoen proiektuak, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban Guggenheimen museo bat jartzea... Erotuta daude, ala? Noski, helburua enpresa pribatuak aberastea baldin bada, oso ondo egiten ari dira.

Badaude beste arazo oso larri batzuk: erregai fosilen edota garraioen alternatibarik eza, edo hondakinen zoritxarreko kudeaketa, edo azpikontraten ondorioz zerbitzu publikoak okerrera eramatea...

Bestalde, kezkatzen gaitu nola batzuek dirua egiteko natura eta basoak lantegi bihurtzen dituzten; errentagarritasunari garrantzi handiagoa ematen diote natura maitatzeari baino, eta txarrena da politikariek alfonbra gorria jartzen dietela horrela jarrai dezaten. 2023ko HAZI Fundazioaren datuek oso garbi diote intsinis pinuaren baso-masaren %83 esku pribatuetan dagoela, eta, adibidez, pagoaren %75 baso publikoetan; horrek ez du ezer esaten?

Nire ustez, politikarien konponbideak politikan aldaketak eginda egin behar dira, eta gaur egun balio ez duena beste modu batean egin behar da.

Euskadin hainbat politikarik diote otsoaren ehiza legeztatzea neurri eraginkorra dela ezkutuko ehiza saihesteko; ekologistok, aldiz, esaten dugu eraginkorragoa dela ezkutuko ehizaren aurkako kontrol gehiago ipintzea, isunak jartzea eta, zergatik ez, kartzela-zigorrekin; aldi berean, koexistentzia sustatzea, ganadua babesteko prebentzio-neurriak jartzea eta inoiz ez espezie bat deuseztatzea.

Tranparik gabeko galdera bat egin nahi dut: zein desberdintasun dago artzain baten eta abeltzain baten artean? Galdera horrekin artzainen lana aldarrikatzen dut. Artzainen eta abeltzainen etsai nagusiak industria-abeltzaintzak dira, eta ez otsoak.

Amaitzeko, Txanogorritxoren benetako ipuinean, amona, Txanogorritxo eta otsoa askaltzeko geratu ziren; ehiztaria ez zegoen gonbidatuta.

----------

Piter Encinas

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak