Urte askoren ostean, azkenik, ametsa egia bihurtzen hasi zen. Ilusioz hartu genuen notizia; borroka luze baten ondorioz, Arrasaten Hezkuntza Publikoa indartuko duen eraikin berri bat irekiko da, eta gaur egungo leku faltaren arazoa arindu eta eskaintza publikoa handitu eta hobetu egingo da. Nahiz eta gure seme-alabek urte eta erdi honetan patioaren heren bat bakarrik erabili ahal izan duten, obrako zaratek inpaktu handia izan duten eta maisu-maistren, umeen eta familien egunerokoan aldaketak eta deserosotasunak ekarri dituen, eta nahiz eta kurtso amaiera honetan umeak prefabrikatu zahar batean duten jangela eta psikomotrizitate-gela gabe geratu diren, obra aurrera eramateko ordaindu beharreko peaje bat izan behar dela onartu dugu. Sakrifizioa egiteko prest azaldu gara bai familiak eta bai maisu-maistrak, nahiz eta ikasturtea baldintza prekarioetan igarotzen ari den.
Obra martxa onean doa eta uztailean bukatuta egotea espero da, emandako hitza beteaz. Datorren ikasturtea hasteko eraikina prest egongo da, azkenean! Eraikina bai, baina barruko altzari eta materialak? Ez! Hezkuntza Sailak apirilean aditzera eman duenez, ez ikasle ez maisu-maistrek ez dute prest izango hornikuntza berria. Zergatik? Hezkuntza Sailaren arabera, dirurik ez dagoelako izan da. Ondoren, "akats" batengatik hornikuntzaren erosketa esleipena atzeratu egin dela esan digute, eta, ondorioz, ezingo da eraikin berria bete. Ze irtenbide ematen du Hezkuntza Sailak? Ba, egungo eskolako material zaharra, 40 urte luze dituen material zaharkitua, eramatea eraikin berrira, eta berria iristen denean –iristen bada; gure zalantzak ditugu–, poliki-poliki aldatzea. Hezkuntzaren ardura Erguin, Bedoñabe eta Musakola eraikinetan dagoen materiala berritzea izan beharko litzateke, eta ez Musakolako eraikin berria material zaharrez hornitzea. Horren adibide Erguin eraikina da, ikasturte honetan Hezkuntzatik ez baitugu agindutakoa jaso.
Onartezina deritzogu Hezkuntza Sailaren utzikeriagatik eskola berri bat material zaharra berrerabiliz martxan jarri behar izateari. Ez al zen inor konturatu eraikin berri bat barrutik hornitu behar zela?
Akaso, ikasleek ez dituzte mahaiak, aulkiak, pantailak, arbelak, armairuak eta abar behar? Akaso, maisu-maistrek ez dituzte ordenagailuak, mahaiak, apalak eta abar behar?
Dirurik ez dagoelako izan edo "akats" batengatik atzeratu izanak garbi erakusten du nora bideratzen diren Hezkuntza Saileko baliabideak; beste interes batzuetara. Baliabide guztiak publikora bideratuta egongo balira, ziur aski beste egoera baten egongo litzateke gure sistema publikoa.
Eskola komunitatea ez gaude prest ikasturte hasieran egoera prekario baten hasteko. Egoera hau onartezina da. Eraikin berria 2025/2026ko ikasturtea hasi aurretik era egokian hornitzea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.
Gora Eskola Publikoa!
----------
Iratxe Salaberria Gorostiza eta Alain Solupe Garcia
Eskola Kontseiluaren izenean
Arrasate