Aurpegia argitzen zaio, eta esker oneko irribarre zabal batez erantzuten dit: "Alaykum salam!". Seme-alabak dagoenekoz ongi moldatzen dira euskaraz; Jabila, beti lanean, gogorik bai, baina ez du oraindik hizkuntzari indarrez hartzeko astirik izan.
Tipulak, porruak eta kuiatxoak erostera joaten naizenean, atetik sartu eta "salam!" ozen batez agurtzen dut Naiknam Karim, Islamabadeko dendari pakistandarra. Ismaeldarra izanik, musulman xiita, hain zuzen, "salam!" erantzuten dit, ismaeldarrek ez baitute salam alaykum hori erabiltzen. Ordaintzerakoan, "hogeita zazpi eta berrogeita bost" adierazi dit, euskara garbian. Pozik ordaindu diot, eta nire agurrari "hurrengo arte!" batez erantzun dit. Alai eta itxaropenez lepo ateratzen naiz beti Naiknamen dendatik.
Boli Kostakoa da Musa. Duela bost bat urtetik hona, Oñati aldera saltzaile etortzen da. Poltsak, guardasolak eta mota askotako galtzerdiak saltzen ditu. Elkar ezagutu genuenean, euskal ikurrina duten galtzerdiak luzatu zizkidan. Galtzerdietako ikurrinak ikusi, eta barre txiki bat ezpainetan, begirada galtzerditik Musa-rengana itzuli nuen. Nire begiradaren zain nituen haren begiak.
"Egun on", agurtu ninduen.
Ez dizkiot beti ikurrina duten galtzerdiak erosten, baita ikurrinik gabekoak ere. Nire gogoko tabernan eserita baldin banago, esertzera gonbidatzen dut. Txakolina nik; kafesnea eta palmera bat hark.
"Zer moduz, Musa?".
"Oso ondo; eta zu?", Musak.
Mandinga da haren mintzaira, baina frantsesez ere hitz egiten du.
Duela gutxi, adeitasun handiz irakurri dut Oñatiko Kontzejupetik aldizkarian egin duten proposamena: online eskuragarri jartzea gaztelerazko idatzaldia. Di-da bateko hausnarketa baten ondoren, ez da zaila ikustea aldizkariak, herriko berriak plazaratzeaz gain, beste hainbat onura ere eskaintzen dituela.
Euskaraz izateagatik, euskaraz irakurtzen ez duten oñatiar euskaldunei aukera ematen die euren hizkuntza propioan irakurtzeko. Euren bizitza osoan Atxaga edo Sarrionandia euskaraz irakurriko ez duten oñatiar petoei herriko gertakariak euskaraz irakur dezaten eskaintzen zaie. Garrantzitsua da euskararen normalizaziorako, oinarrizko eskaintza izanagatik.
Eta nolako onura eskaintzen die oñatiar erdaldunei Kontzejupetik euskara hutsean izateak?
Ñimiñoa dirudien arren, euskara komunikaziorako baliagarria dela ikusiko dute erdaldunek, eta aldizkariak komunikazio-gune bat sortzen duela, non herriko gaiak jasotzen diren.
Oker ez banaiz, gaur egun, %12,2 emigranteak dira Oñatin; kopuru indartsua, kontuan hartu beharrekoa. Eta, zenbaki horri begira, aldizkaria tresna barneratzaile eraginkorra izan liteke.
Zenbaki horrek ematen digun lehenengo berria da Oñatin erdara bat baino gehiago hitz egiten dela. Eta horra hor aipatutako proposamenaren lehenengo akatsa, inklusioaren arazoari heltzen baldin badiogu. Gazteleraz eskainiz gero, kanpoan uzten ditugu beste erdal hiztunak, pakistandarrak, marokoarrak, aljeriarrak, bolikostarrak; eta okerragoa dena, gaztelerara zuzentzen ditugu horiek guztiak, eta ez euskarara.
Euskararen normalizazioaren aurkako norabidean, hain zuzen. Era horretan, Kontzejupetik-en bitartez, erdaldun guztiak gaztelerara bideratuko genituzke. Euskara izan beharrean, gaztelera ardatz bihurtuko litzateke emigratzaileen inklusiorako.
Badaude aukera ederrak Kontzejupetik tresna barneratzaile egoki bihurtzeko. Oñatin hitz egiten diren erdara guztiak kontuan hartzea. Txandaka, paperezko zein online zenbakietan, erdara guztiak agertzea. Poesia, beraien ipuinak, beren herriko ohituraren bat, erdaldun horiek idatzirik, beren hizkuntzan eta grafian, eta ondoan euskarara ekarrita. Horra hor lan zoragarria.
Euskararen gaia nazio gaia denez, norberaren alderdiaren ikuspegitik at aztertu behar dugu, eta bi estatuengandik burujabe den hizkuntza-politika boteretsua beharko dugu. Gaur egun, Euskal Herriko hiru zatietan burutzen ez dena.
Hizkuntza-politika burujabea, utopiaz, poesiaz eta ausardiaz bustiz gero, horra hor bide eraginkorra.
----------
Felipe Uriarte
Pasai Donibane