Lanik gabe geratzeko mehatxua beti dago horren atzean, eta, beraz, indarkeria ez da behar bezala salatzen edo adierazten. Mehatxuak eta zigorrak askotarikoak dira: kaleratzeak, ordutegi-aldaketak, kontziliazio-neurririk ez onartzea, lanpostuz inoiz ez aldatzea, lekualdatzeak, lana edukiz hustea, emakumeen lana gutxiestea*... Indarkeria matxista neurri eta aurpegi desberdinetako zigorren sistema oso bat da; sistema heteropatriarkal kapitalistaren egiturazkoa, eta tresna, emakumeak menpean edukitzeko*.
Lan-munduan gertatzen den indarkeriatzat hartzen da sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edo sexu-orientazioagatiko, identitateagatiko edo genero-adierazpenagatiko jazarpena; hau da, kultura patriarkalaren biziraupen-mekanismoek hartzen dituzten formak.
-Azken urtean, 22.000 emakume* inguruk jasan dute sexu-jazarpena lan-esparruan, Emakundek argitaratutako Emakumeen aurkako indarkeriak EAEn duen eraginari buruzko datuak inkestako datuen arabera –kasu batzuetan, lankideengandik; beste batzuetan, nagusiarengandik–.
-Sexu-jazarpena jasan duten 5 emakumetik* batek lan-eremuan jasan du.
-Hala ere, horietako askok (%72,4) ez dute enpresan salatu, ondorioen beldur direlako.
Eta non daude erakundeak egoera horren aurrean? Gertatzen den indarkeria hori agerian ez jartzea, tresna eraginkorrik ez jartzea, indarkeria hori ezkutatzea da. Izan ere, ez dago datu horiei buruzko erregistrorik, ez zaie jarraipenik egiten, ez dira agertzen indarkeria matxistari buruzko inkesta orokorretan...
Enpresek, administrazioak eta lan-ikuskaritzak ez dute errealitate horri heltzeko borondaterik eta jarrerarik. Datuak argiak dira: ez dago mekanismo edo tresna eraginkorrik egoera horiek salatzeko.
Erakundeei, eta, zehazki, lan-ikuskaritzari, indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko eskatzen die LABek. Esaten dugu jarrera, uste eta indarkeria matxista guztiei aurre egin nahi diegula lantokietan aske izan nahi dugula aldarrikatzen dugunean, eta azpimarratu nahi dugu borroka honetan sindikalismotik fronte guztietan jarraituko dugula.
----------
Ana Sebal Agirregabiria
LAB sindikatua
Bergara