Gogoratzen dut nola hasi ginen, 2003ko udazkenean, baldintza guztiz tamalgarrietan, gaur egun sinestezinak diruditen lege eta baldintzekin, eta zelako itxaropenarekin hartu genuen 2004/1 legea: Genero Indarkeriaren Biktimak Babesteko legea.
Nik uste nuen pare bat belaunalditan, 40-50 urtetan, genero indarkeriaren arazoa ia konponduta izango genuela –gizarte bezala, diot–. Hogei urte pasa dira eta gaur egungo nire iritzia beste hau da, ordea: ez gara ari –gizarte bezala, berriro ere– borroka hori irabazten. Ez goaz aurrera. Eta hori atzera joatea bezala da.
Gero eta kasu gehiago azaltzen dira, eta gero eta larriagoak. Erakundeetatik ematen den erantzuna nahiko ona da, nahiz eta beti egon zerbait hobetu beharra.
Biktimek ez dituzte beti aurkitzen beharko luketen harrera eta dagokien laguntza eta jarraipena. Erakundeek ez dute ez bihotzik ez enpatiarik, baina bertako langileek bai, eta langile horiek gehiegitan daude gainezka, nekatuta eta erreta.
Epaitegietako, abokatuen elkargoetako, ertzain-etxeetako, gizarte zerbitzuetako, Osakidetzako, ikastetxeetako eta abarreko langileek nekez egin dezakete gehiago eta hobeto. Langile eta bitarteko gehiago behar dira.
Baina hori arazoaren alde bat besterik ez da. Hau da, nola aurre egin agertzen diren kasuei.
Nire ustez, arazoak beste alde garrantzitsu bat dauka: kasu gehiago ez gertatzea lortzea; edo askoz gutxiago, behintzat. Nola? Gizartean mentalitate aldaketa bat eraginez, gizonezkoen eta emakumezkoen artean legezko eta benetako eskubide berdintasuna lortuz eta edonori errespetua zor zaiola zabalduz. Eta hor hankamotz gabiltzala uste dut.
Erakundeetatik egiten den ia guztia emakumeei zuzenduta dago eta beharrezkoa da. Horrek gizartearen erdi bati bakarrik eragiten dio. Eta beste erdiari? Ba, dirudienez, gizartearen beste erdiaren mentalitatean aldaketa eraginkorra lortzeko ez da askorik egiten. Edo, zoritxarrez, gutxi egiten da ondo.
Gizonezko gehiegik gauza bera diote; bereziki, gazteek: erasotuak sentitzen direla. Hasteko, erruduntzat hartzen dituztela, edo ustezko errugabeak. Besterik gabe, gizonezkoak izateagatik. Hori egia bada, ez dugu aldaketarik lortuko. Errudunak gizonezkoen ezta %1 ere ez dira. Gehiegi, denak ezagutzen badituzu, baina oso gutxi gizarte oso batentzat.
Gizartearen erdi horretan aliatuak lortu beharrean, etsaiak edo jarrera pasota duten gizonezkoak sortzen bagabiltza, ez goaz inora, eta, are gutxiago, bideojoko biolentoak eta pornoa hain gertu daudela kontuan hartuta.
Biktimek hasieratik jaso behar dute beharrezkoa duten laguntza eta babesa, eta erasotzaileek, epaituak izan ostean, dagozkien zigorrak.
%1 baino gutxiago dira. Ezin dute irabazi. Hobeto egin dezakegu. Hobeto egin behar dugu.
----------
Andoni Larrañaga
Bergara