Antzuolan, Espainiako himnorik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2024ko aza. 17a, 00:00

Mairuaren Alardearen inguruan herrian sortzen ari den giroa dela-eta, Antzuolako EH Bilduk zera adierazi nahi du:

Alardea gure herriko ohitura da, gure iraganaren eta izaeraren parte; hortaz, zaindu beharrekoa. 

Hala ere, garbi dago Alardea sekula gertatu ez zen ekintza baten antzezpen bat dela. Hau da, antzuolarrak ez ziren inoiz egon Valdejunquerako batailan, ez eta banderarik edo mairuen erregerik ekarri ere. Asmatutako tradizio bat da, gaurdaino belaunaldiz belaunaldi iritsi dena. Bada garaia herritarrei hori garbi lagatzeko: gurea den zerbait da, baina asmatua. 

Alardearen historian aldaketa ugari bizi izan ditugu: asto gainean joatetik zaldi gainean joatera pasa zen mairua; kateatuta eta umiliatua izatetik haren segizio propioarekin joatera; menpeko izatetik antzuolarron jeneralaren pareko izatera; hitz egin eta elkar besarkatzera. Gaztelaniaz egiten zen diskurtsoa, eta euskaraz egiten da orain. Emakumezkoen parte hartzea eta nabarmentasuna hartzea naturaltasunez egin zen. Sartu ziren dantzak, bukaerako bertsoak, danbor-joleak, arropa aldaketak... eta arazorik ez. Orain, ordea, Udalak Espainiako himnoa den hori kendu eta herrian bertan sortutako beste batekin ordezkatzea jarri du mahai gainean, eta Alarde Elkarteak dio patxada hartu behar ei dela. Zertarako eta zergatik? 

Alardean jotzen den musika Espainiako himnoa dela jakin ondoren, normala iruditzen al zaio Alarde Elkarteari horri buruzko gogoeta patxadaz egin behar dela esatea? 

EH Bilduri ez. Harritu egiten gaitu: nola liteke jarrera hori hartzea botoen %85etik gora abertzalea den herri batean? Udalbatza osoa zinegotzi abertzalez osatua dagoen herri batean? Ez zaio axola antzuolarrak urtero Espainiako himnoaren atzetik desfilatzen jartzea? Ezjakinean desfilatzea, tira! Baina jakinda?

Espainiako himnoa, bandera bezala, sinbolo arrotza da guretzat, menpeko bihurtzen gaituen eta euskaldun izateko eskubidea ukatzen digun estatu baten sinboloa.  Horregatik, gai honetan, Antzuolako EH Bilduk argi dauka: gaur egun Alardean jotzen den musika aldatu egin behar da, lehenbailehen. Noski, beste aldaketa asko egin diren moduan, naturaltasunez.

----------

Mikel Bargiela

Antzuolako EH Bilduren izenean

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak