Eta horren tamainaren araberakoa izaten da balizko erasoari erantzuteko indarra. Konturatzerako, buru-belarri hasten zara galtzekotan dagoena babesteko; babestu ezean, zeu ere galduta zaude. Antzuolan 200 metroko bi aerosorgailu behar izan ditugu Meaka eta Irimo mendien defentsan aktibatzeko.
Urtebete pasa da Udalak bilera informatibo bat deitu zuenetik: udal ordezkariek azaldu zuten CILDA Energy enpresako –Capital Energy taldekoa– ordezkariek esandakoa. Bertan erabaki zuten herritar batzuek taldea osatzea eta Meaka eta Irimo babestearen alde lan egitea.
Jabetu ginen ultramaratoia genuela aurrean. Asko genuen ikasteko, gertatzen ari zenaren dimentsioaz jabetzeko. Konturatu ginen aurrean genuen erraldoia ez zela nolanahikoa eta baliabide guztiak zituela eskura, ez guk bezala: dirua, denbora eta erabakiguneen eta negozioaren funtzionamenduen ezagutza.
Eskerrak hasiera hartan Udalak lagundu zigun, eta, ahal zuen neurrian, babestu zituen lehen urrats haiek.
Orain arte egindako bidean, mugarria izan zen enpresak Jaurlaritzan aurkeztutako proiektuari alegazio epea. Gure ezjakintasuna estaltzeko, eskerrak askoren laguntza ere izan genuen. Orotara, 4.000 sinadura baino gehiago lortu genituen.
Ez dugu Eusko Jaurlaritzaren erantzunik. Komunikabideen arabera, ordea, enpresak urte bukaera arteko epea hartu du Trekutz deitu duen proiektua "bideragarria den ala ez" jakiteko. Berriak harritu egin gintuen: nolatan egin inbertsio handiak jakin gabe proiektua bideragarria den ala ez?
Orain arteko bidean, talde honek sortu ditu espazioak energiaren ertzetan arakatzeko. Zalantzak ere agertu dira, baina lehen hilabete haietan senari entzundakoa berretsi egin du Antzuolara heldu zaigun informazioak. Formatzen jarraitu nahi dugu datozen hilabeteotan.
Orain benetan bizi dugu mundua ez dela hemen hasi eta bukatzen. Izan ere, Antzuolan egin nahi duten txikizioak lotura zuzena du munduaren beste puntan gertatzen diren bortizkeria mota askorekin.
Urtebetean, elkartu ginenok aldatu egin gara, eta multzo zena lantalde bilakatu da. Nahiko genuke taldea handitzea, horrek aberastasuna ekarriko lukeelako, taldera eta herrira. Asmatuko ote dugu munduan egoteko modua planetaren mugara ekartzen? Posible dela sinetsi behar dugu.
----------
Josebe Blanco eta Arkaitz Kortabarria
Meaka-Irimo herri plataforma
Antzuola