Gurutzea jarri zen unea kontestualizatu egin behar dela uste dugu. Hortaz, noiz jarri zen? Frankismoan; kolpe militarraren diktadura ezarri eta 32 urtera. Kolpe militarraren indar faktikoek –orduan esaten zen bezala, La Cruz, la Espada y el Saco– bultzatutako eta finantzatutako diktadura –Elizaren hierarkia, militarrak eta indar errepresiboak, dirudun handiak eta lurjabeak, hurrenez hurren–. Hezkuntza zeinen menpe zegoen? Eliza katolikoaren eta Falangearen esku, jakina: erlijioa eta espiritu nazionala. Dena zen bekatu, sexualitatea erreprimituta –besteena, ez eurena–, errosario santua egunero, eskutik obatuta elizara igandeetan ikasleak…
Herritar batzuen iniziatibagatik Udalatxen gurutzea jartzea 1971n ez zen ekintza neutroa izan, gure ustez; segurutik, euren asmoa hori ez izan arren. Hau da, mondrautar batzuek inori galdetu gabe erabaki zuten hamabi metroko gurutzea jartzea herritik bistan, diktadura batean geunden eta laikotasuna debekatuta zegoen garaian. Mondrautar laikoen ideia errespetatu zuten orduan? Ezetz esango genuke; inposizio hutsa izan zen.
Orain, berriz, beste batzuek, une honetan gurutzea eurentzat botere zapaltzailea delako, moztu egin dute. Eta gauez egin dute, badakitelako egunez eginez gero atxilotuak izango zirela eta, segurutik, kartzela-zigorrarekin, gainera –agertu dira, bai, zigorra eskatzen ari direnak ekintzaileentzat–.
Ekintza honekin mindu dituztela gurutzea jarri zutenak eta beste herritar batzuk? Bai.
Eta 1971n ez al zuten inor mindu?
Ados egon edo ez ekintzarekin, ekintza politiko baten aurrean gaude. Ekintza honekin ez dute jarri ikur berezirik, 1971n bezala.
Trantsizio politikoa adostu zutenek onartu zuten kolpe militar faxista bultzatu zuten goian aipatu hiru indar faktiko horiek jarraitzea, inongo erantzukizunik eskatu gabe; eta hor jarraitzen dute, santuak balira bezala, baina kriminalak izan ziren. Zigorrik eskatzekotan, badago hor nondik hasi.
Diktadorea hil ondoren, Espainiako Estatuak akonfesional deklaratu zuen bere burua; horregatik, debekatuta egon beharko litzateke udal-lurretan –lur publiko guztietan– edozein ikur erlijioso jartzea. Are gehiago, gaur egun gure herria osatzen duen kultura eta erlijio arragoarekin. Fede kontuak ezin dira eremu pribatutik atera; are gutxiago, udal agenda politikoa markatu.
Herri laiko bat gara, guztien sinesmenak errespetatu behar ditugu, fededunenak eta laikoenak. Eta, une honetan, bide horretatik joatea uste dugu dela zuzenena.
Udalatxeko gurutzea berriro jartzeko argudioak Jaungoikoa eta lege zaharretik hurbilago dauden hemeretzigarren mendeko diskurtsoak dira; edo, bestela, aurkari politikoen kontra egiteko dena baliagarria den ideiarekin osatutakoak. Harrigarria.
Alternatibatik, aldarrikapen mesianikoen gainetik, Euskal Errepublika subirano eta laikoa defendatzen dugu, eta defendatuko dugu. Herrien, pertsonen, animalien eta ingurumenaren eskubideak urratzen dituzten tradizioak desagertzearen alde egingo dugu beti.
Beraz, inor mindu nahi ez badugu, ikur neutralak edo adostutakoak jar ditzagun toki partekatu eta publikoetan.
----------
Ander Santiago eta Juan Ramon Garai
Alternatibako kideak
Arrasate