Urriaren 26an manifestazioa Gasteizen, Araba salgai ez dagoela esateko

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2024ko urr. 18a, 08:32

Azken hilabeteotan Araban makroproiektu fotovoltaiko eta eoliko ugari aurkeztu dira, aurretik jada abian zeuden beste proiektu batzuei gehitzen zaizkienak –AHT, tomatera, dikeak eta abar–; esamolde artetsuak erabiltzen dira, hala nola trantsizio energetikoa, lurralde-industrializazioa eta etorkizunerako aurrerapenak, korporazio handiek gure lurraldearen kontura negozioa egin dezaten.

Gizartea etengabeko mehatxu honi erantzuten ari zaio; hainbat erakunde eta plataforma sozial eta herritar batu gara berriro ere kalera ateratzeko, astakeria honi ezetz esateko. Erakundeei eta arduradun politikoei erakutsi nahi diegu lurraldea, gure herriak eta landa inguruneko bizimodua defendatzen ditugunak gehiengoa garela. Horregatik, datorren urriaren 26rako, larunbata, manifestazioa deitu dugu Gasteizen, arratsaldeko seietan, Bilbo plazatik abiatuta.

Manifestazio honekin, honako hau exijitzen dugu:

  • Aipatu makroproiektu horiek guztiak bertan behera gera daitezela, bai berriki aurkeztutakoak, eta baita izapidetzea aurreratuago dutenak ere.
  • Enpresa handiek sustatzen duten lurraldearen harrapaketa gera dadila, eta Administrazioak ezinbestekoa den lurraldearen plangintza eta antolamendua egin dezala, ez guk eta ezta etorkizuneko belaunaldiek ere ez dezagun gure lurraldea eguzki-plaka, errota eoliko eta hormigoi itsaso bihurtuta ikusi.
  • Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak gure lurraldearekin espekulatzeari utz diezaiotela, eta haren defentsan apustu garbia egin dezatela; Araban bizitzen jarraitu nahi dugu.
  • Ezkutatze praktikak bertan behera utz ditzatela eta informazioa garbi helaraz diezaiotela gizarte osoari.

Salatu nahi dugu makroproiektu horiek inpaktu ekosozial izugarria dutela, eta oso kezkagarriak direla biodibertsitatea, laborantza lurrak, basoak eta larreak galtzearen ondorioak. Landa bizitzaren aldeko apustua egin duten pertsonak lurraldetik aterarazten ari dira eta landa-garapen iraunkorreko proiektuak suntsitzen; azken batean, pertsona horiek beren etxeak, herriak eta lurrak uztera behartzen ari dira.

Gizarteari beharrezkotzat saldu nahi zaizkion espekulazio-negozio horiek zuzenean beraien eragina pairatzen duten komunitateekiko inolako gardentasunik, informaziorik eta errespeturik gabe planteatzen ari dira.

Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia: garaiz zaudete jarrera aldatzeko, bestela, Arabako espoliazioaren erantzule zuzenak izango zarete eta.

Eredu iraunkorren aldeko apustua egiten dugu, berriztagarriekin ekoitziz autokontsumorako –zero kilometroa–; ez hemen eredu makroetan ekoizten duten eta gero Europari salduko dioten enpresen negoziorako.

Argi utzi nahi dugu kudeaketa politiko oker baten ondorioz gure herrietatik eta lurretatik kanporatuak izateko arriskuan jartzen bagaituzue beti aurrean izango gaituzuela.

Makroproiekturik ez! Lurra defenda dezagun!

----------

Judith Arriolabengoa Unzueta

Aramaixo Bizirik plataformaren izenean

Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak