Udalbatza berriek badute ohitura euren egitasmoak herritarrei adierazteko eta mahai gaineratzeko, eta helburu horrekin bildu zen Udala Alardearen Elkartearekin. Bertan adierazi zitzaigun Alardea dinamizatzeko batzorde bat sortu nahi zuela Udalak, eta bere lehentasuna Alardean jotzen den martxa aldatzea zela: oraingoa "española" zela, Espainiako ereserkiarekin zerikusia zuela, eta bai ala bai aldatu behar zela. Elkartearen lehentasuna, berriz, beste bat: herritarren artean Alardearen parte hartzea gehiago sustatzea.
Hala ere, Udalak egindako gonbita onartu eta antolatutako batzordeko bileretara joan ginen elkartekook. Hasieratik argi geratu zen Udalaren helburua martxa lehenbailehen aldatzea zela. Elkartearena, esan bezala, beste bat: Alardea indartzeko asmoz, sinergiak bilatzea. Nola? Alardean parte hartzen duten eragileekin batera –Udala, txistulari, dantzari…–, eta ezer baino lehen, aipatutako batzorde horrek lanerako behar dituen prozedura eta funtzionamendurako irizpideak ondo definitzeko eztabaidatzen hasiz, eta ondoren etorriko direla erabakiak hartzeko momentuak; presarik gabe.
Gogoratu genion Udalari Alardean egin diren aldaketak eragile ezberdinen parte hartze prozesu eta adostasunaren bitartez egin direla, eta, oraingoan, martxaren aldaketaren kasuan ere, horrela izan beharko litzatekeela.
Guk urtetan dihardugu Alardearen alde lan egiten eta prest gaude lanean jarraitzeko, hainbat urtetan adierazitako esperientzia partekatzeko, bide orri bat diseinatzeko. Eta baita Udalak antolatutako batzordean parte hartzeko ere, baina patxadaz, prozedurak eta joko arauak partekatuz eta adostuz. Ondoren etorriko dira Alardearen inguruko hausnarketak eta hartu beharreko erabakiak. Horretarako, eta beti egin den bezala, alarde-kide eta herritarren ahotsa ere baliagarria izango dugu. Gu prest gaude bide horretan lanean jarraitzeko. Berreskuratu ditzagun, bada, konfiantza eta elkarrizketa; betiere, antzuolar guztiona den Alardearen onerako.
----------
Xabier Legorburu Igarza
Antzuolako Alardearen Elkartearen lehendakaria
Antzuola