Baina herri batzuetako udalek animaliekiko errespetu, enpatia eta sentsibilitate faltan oinarritutako ekitaldiak antolatzen jarraitzen dute; eta beste batzuei bururatu zaie 30-40 urtean desagertuta egon diren jarduerak proposatzea.
Gizakia ebolutiboki enpatia gaitasunarekin jaiotzen da. Ezaugarri biologiko hori, bizitzako lehenengo etapetan, familia, eskola komunitate eta ingurune soziokulturalarengandik jasotako balioen arabera garatzen da. Nola sustatuko dugu gazteengan errespetua, gure udaletako kultura sailek errespetu faltan oinarritutako ekimenak antolatzen badizkiete?
Zientzialariek garbi utzi digute animaliek sentitzeko eta sufritzeko gaitasuna dutela. Eta sufrimendua ez da txarra pertsonentzat bakarrik, jasaten duen beste edozein izakirentzat ere bai. Mina mina da beti; beldurra beldurra da; guretzat, eta beraientzat.
Zaurituak ez izan arren, animalientzat ulertezina den jendez beteriko eta ihesbiderik gabeko ingurune zaratatsuan larrituta, izututa, urduri, noraezean… izaten dira. Jai giroan ospatzen dugun ikuskizun bihozgabe hori tratu txarra da. Tratu txarra ez da bakarrik jo edo irain egitea. Tratu onik ez ematea tratu txarra da. Bestea jazartzea, gogaitzea, gutxiestea, zirikatzea… ez da ausarta izatea, eraso egiteko moduak dira; errespetu-falta horiek zezen-plazan gertatzen dira. Udalek dibertigarri bezala saltzen digute, baina gizarteko esparru desberdinetan daukagun indarkeria-arazo larria areagotzeko besterik ez du balio.
Zezenak gustuko izan edo ez, beste izaki baten sufrimendua herritar batzuk dibertitzeko erabiltzea ez da zuzena: jai batzordeek eta udaletako kultura sailek herritarren artean errespetu, enpatia eta sentsibilitate falta bezalako jarrera itsusiak bultzatzen dituzten jarduerak proposatu eta antolatzen dituzte. Azterketa eta hausnarketa sakona egin behar dute, eta ekitaldi horiekin bultzatzen dituzten balio kultural eta emozionalak zalantzan jarri; etikoki zuzenak diren kontuan hartuz eta benetako balorazio bat eginda.
----------
Yolanda Jimenez Sudupe
Arrasate