Meaka-Irimo bizirik

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2024ko uzt. 14a, 00:00

Udalak, 2023ko azaroaren 7an, Meakan eta Irimon Capital Energy enpresak egin nahi duen zentral eolikoari buruzko informazio bilera egin zuen.

Horretan gauza asko erori zitzaizkigun gainera; besteak beste, aerosorgailu formako harlauza handi bi. Horiek izan dira Meaka-Irimo herri-plataformaren lehen harriak. Aste hartan antolatu zen lehenengo bilera hura, eta harrezkero, ia astero bildu gara.

Handik gutxira, Trekutz izenez enpresak aurkeztutako proiektua argitaratu zen. Hutsetik abiatutako taldeak asmatu behar zuen dinamika bat sortzen esparru legalak eskatzen zuenari erantzuteko. Zorionez –eta zoritxarrez–, beste hainbat tokitan bazuten eskarmentua, eta haien laguntzarekin –ere– aurkeztu genituen alegazioak 2024ko otsailaren 6an.

Hilabeteotan hitzaldiak izan ditugu, bakoitzak bere arlotik makroproiektuen ertzak azaldu dizkigu. Egia esan, baikorrak izatea zaila da; maizago azaldu zaizkigu itzalak, nahiz eta gehienetan aurkitu argi izpi bat, borrokan jarraitzeko.

Ziur aski, herriko gazteei eta ondoren etorriko direnei Meaka eta Irimo biziak eta bizigarriak uztea da garrantzitsuenetakoa. Hori baita Antzuolan geratzen zaigun apurra, Beasain-Durango autobideak, AHTak eta goi-tentsioko lineak ingurua suntsitu ondoren.

Makroproiektuen kontra ari garenok ez ditugu gurean nahi kapritxosoak garelako, eta hemendik kanpo zer gertatzen den axola digu. Hiru arrazoi ekarri ditugu.

Justizia soziala: hemen elektrifikazioaren ameskerian azken kolpeak jasotzen baditugu ere, aurretik gailuak egiteko ustiatu dira lurraldeak eta pertsonak.

Biziraupena: geratzen zaigun natura apurra zaintzen ez badugu, gureak egin du. Ekologismoaren izenean ezin dugu natura suntsitu.

Bizitzaren mugak: anbizio materiala planetaren mugetara ekarri behar dugu, eta politika publikoak guztion bizitzaren zaintzan oinarritu. Energia berriztagarriak behar-beharrezkoak ditugu, baina muga horien baitan.

Hilaren 16an itzuliko gara Gasteizera –10:30etik 11:30era–, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrera, Irimo bizirik nahi dugula aldarrikatzera. Oraingoan ere gonbidapena egingo diogu sailburu berriari Irimo ezagutzera.

Antzuolak proiektu suntsitzaile gehiago nahi ez dituelako eta gazteek etorkizun bizigarri eta bidezko baterako eskubidea dutelako, Irimo bizirik!

----------

Josebe Blanco

Meaka-Irimo herri-plataformaren izenean

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak