Bakarrak garelakoan, berdinak ekintzez

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2024ko eka. 30a, 00:00

Olinpiaden kontura irakurri berri dut Arrasaten Kuadrilla Eguna egiteko asmoa dagoela.

Kuadrilla Eguna, horrek dakarren guztiarekin; ustezko lagunak, talde baten parte izatea, Euskal Herriko sisteman sortu dugun sare honen barruan egotea, besteen begietarako balioa izatea. Kuadrilla Eguna zoragarria izan daiteke kuadrilla duenarentzat, noski. Parranda eguna, talde baten zauden ospakizuna... Kuadrillarik ez duenarentzat, ordea, bistan uzten du nork ez duen horren ondo enkajatu saretzearen sisteman.

Zeren adin batetik aurrera zein funtzio betetzen du kuadrillak? Herri bazkarira norekin joan izatea? Esperientziak eta urteek erakutsi digute lagun handi eta onak kuadrillatik kanpoko zirkuluetan eraiki ditugula. Eta kuadrillan, familian eta lanean bezala, zaila dela guztiak lagun izan eta elkar ondo ulertzea.

Madrilen, Bartzelonan eta beste leku askotan –batzuetan– beste modu batera harremantzen dira. Bertan lagun batek bere lehengusua gonbidatzen du planera, eta besteak trenean ezagutu berri duen ezaguna. Guztiak dira ongietorriak eta jendea nahi duen jendearekin ibiltzen da, pertenentziaren presiorik izan gabe eta talde finko horri leialtasunik zor gabe. Zorionez, Euskal Herrian horrelako aldaketa txikiak gertatzen ari dira, baina oraindik kostatzen zaigun susmoa dut. Eta zer esanik ez nerabezaroan izaten diren taldeekin.

Ez dut guztia beltz kolorez margotuko, kuadrillak badituelako bere alde positiboak ere.

Baina pentsatzen dut badela garaia kuadrillan izaten ditugun introiektoen eta horrenbeste leku ematen zaien mandatu isil horien inguruan hitz egiteko. Horren sektarioa ez izateko. Zeren bai, oso sektarioak izan ohi gara batzuetan. Benetako espazio seguru eta librea izateko. Iritzi eta gustu ezberdinak izan arren elkar ulertu eta eroso sentitzeko. Inor ez diskriminatzeko. Botere harremanik ez egoteko.

Kuadrilla Eguna polita izan daiteke, gure pribilegioei erreparatu eta zaurgarri dauden horiek gurekin elkartzeko prestutasuna adierazten badugu.

----------

Maddi Etxabe Heriz

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak