Txopoaz harro?

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2024ko eka. 30a, 00:00

Atzo gauean igo zuten txopoa Aretxabaletan.

Emozionantea izan zen atzokoa. Han egon ginen herritar pilo bat plazan adi gazteei begira, eta tantaiak irrist egiten zuenean oihuka hasten ginen asko. 

Tentsiodun momentu magikoa izan arren, agian azterketa soziologiko bat egitea interesgarria izango litzateke. Goizean goizetik hasten da 18 urteko gazteentzat egun handia. Herriko basoetara joan eta pinu bat bota eta plaza azpira eraman ohi da urtero. Basotik herrian barrena sartu zireneko momentu hori parean tokatu zitzaidan atzo: Hogei bat mutil zihoazen "lo-lo-lolo… lo-lo-lolo…" kantua altu abesten errepide erditik, besoak goian eta beldur gabe, puztuta. Atzetik, soka luzeari tiraka, neska* mordo bat eta mutil batzuk. Sokatik tiratzen zutenei esker, tantaia lurrean tarrasean. Atzean lauzpabost mutil, barriketan eta lasai oinez. Badago zer aztertu. 

Gauekoa, berriz, txopoa igotzeko momentu zirraragarria eta serioa da. Egun luzeko parrandaren ostean, herritar askoren aurrean gazteek sekulako erronka baitute betetzeko. Ikusgarria da momentu horretatik aurrera nola transformatzen den taldeko giroa. Nola sortzen diren rol ezberdinak: agintariak, soketatik tiratzaileak, sardedunak, palanka egingo dutenak, animatzaileak, emozio zaintzaileak… Atzo, behintzat, agintzen eta guztiei ozenki zer egin esaten hiruzpalau mutil aritu ziren, eta neskak beste plano batean geratu ziren. Eta ez dut uste atzoko kontua denik soilik. Badakigu plaza erdian aginduak ematen hastea edozein neskarentzat* arriskutsua dela. Badakigu egingo lukeena eginda ere kritikatua izango litzatekeela. Oso ongi egin arren ere, epaitua izango litzateke. Ahaldundua egoteaz gain, taldeak babestua egon beharko litzateke, eta, hori horrela izan dadin, taldeak aurrelana egin beharko luke.

Badakit neskak* horretarako bidea egiten ari direla, baina zer gertatzen zaie mutilei bigarren planoan geratzen direnean? Eroso sentitzen al dira nesken* aginduak jaso eta isil-isilik hori egin behar dutenean? Badirudi txopoaren fenomenoak ere baduela bere kristalezko sabaia!

----------

Larraitz Arando Ilarduia 

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak