Diotenez, liburu batean azpimarratzen diren hitzak desberdinak izaten dira irakurtzen dituen pertsonaren arabera, nahiz eta liburu bera izan.
Kartel horrekin horixe gertatu da: interpretazio, ikuspuntu eta iritzi desberdinak agertu dira auzokideen eta herritarren artean.
Kartelean bi alde bereiz daitezke: jai giro koloretsua eta txakurrez eta beraien kakaz betetako alde iluna.
Jende asko dago txakur-kakak jasotzen ez dituena, baina jende asko ere badago txakur-kakak jasotzen dituena. Eta, modu berean, jende asko dago, nahiz eta txakurrik ez izan, inguruak zikintzen dituena.
Jaietan, goizeko lehen orduetan garbitzaileak pasa aurretik, kaleak zaborrez beteta agertzen dira: latak, botilak, edalontziak, plastikozko eta kristalezko zatiak edonon… Egia da izugarrizko zabor pila hori jaiegunen ondorioa dela, baina egunerokotasunean bizi dugun errealitatea antzerakoa da. Goizero garbitzaileek besteek zikindutakoa garbitu aurretik, jolastokietan, lorategietan, autobus geltokietan eta parkeetan dauden eserleku inguruetan, aurreko egunean jan eta edan denaren soberakinak agertzen dira lurrean botata: litxarreria-poltsak, latak, zigarrokinak, botilak, janari azkarren ontziak… nahiz eta zakarrontziak bertan egon. Herria zikina dago, kaleak, lorategiak, hormak, mendiak, errekak… eta ez da batzuek garbitzen ez dutelako, beste batzuek zikindu egiten dutelako baizik.
Hausnarketa hau kartelaren alde ilunarena da, baina alde koloretsuak ere zeresana ematen du bertan ageri diren animalien inguruan.
Animaliak sentitzen duten izakiak dira eta jaietan ez da beraien ongizatea errespetatzen; gure entretenimendurako erabiltzen ditugu, objektuak izango balira bezala.
Astoak nahiago du zelaian egon poteoan baino.
Zalditxoak nahiago du zelaian egon haurrak gainean eraman baino.
Bigantxak nahiago du zelaian egon hura zirikatzen dabiltzan haurrez inguratuta egon baino.
Inolako indarkeriarik onartzen ez dugula esaten dugunean, ez da egia: animaliak gutxiagotzat dauzkagu, eta baliabide bezala erabiltzen ditugu, guretzat dibertigarria delako.
Hau ez da jaiak errespetuz ospatzeko modu bat.
----------
Arrasate